Oñati-Arrikrutz-Arantzazu autobus zerbitzua beteko da bihar eta etzi

2021/04/30
Pazko astean martxan jarri zen zirkuitu berriaren eraginkortasuna frogatzen jarraitzen dute

  Aste Santuan indarrean sartu zen Arantzazu-Araotzeko mugikortasun planaren osagarri izan nahi du Oñati-Arrikrutz-Arantzazu igande eta jaiegunetako autobus zerbitzuak. Gora eta behera osatzen dituen 13 bidaiatan Arrikrutzeko aparkalekuraino sartzen da autobusa, kobara edo Araotz inguruko mendietara doazen bisitarientzat garraio aukera bihurtzeko helburuz. Baina zerbitzua froga epean dago oraindik eta astero egiten da erabiltzaileen jarraipena zehatza, egokia den ala ez baloratzeko.

  Arantzazurako autobusa gorantz doanean, seitan sartzen dela Arrikrutzeko aparkalekura: Oñatitik 10:30etatik 15:30tarako tartean abiatzen diren zerbitzu guztiak. Eta berdin egiten da beherantz, Arantzazutik, 12:00tatik 18:00ak bitartean abiatzen diren beste zazpi zerbitzuetan. Horrela, Araotzera doazenek ere, auto partikularra hartu gabe bertaraino iristeko zerbitzu publikoa dute aukeran.

  Pandemia dela eta, Oñati gorrian dago eta udalerria itxita. Herritarrok Arantzazuko autobus zerbitzua ezagutu eta erabiltzeko ohitura barneratuta daukagu jada eta hori domekero ikusten da. Araotza doazenek ere ohitura hartu dezaten lortu nahi da. Maiatzaren 9tik aurrera alarma estatua jaso eta beste neurri batzuk indarrean sartzen direnean kanpoko bisitariek autobus zerbitzu hau erabiliko duten ikusteko dago.

 

Iturria: Oñati Irratia