"Oñati alderik alde" bideo sorta aurkeztu du udalak

2019/02/20
Oñati gaur egun nolakoa den gaika islatzen duten 9 ikus-entzunezkok osatzen dute bilduma

  Orain bi urte jaso zuen Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak halako ikus-entzunezkoa egiteko proposamena. Turismora soilik mugatu gabe, beste alor batzuk ere lantzea erabaki zen eta Hurretik egitasmoarekin uztartzea, alegia, herri ondarearen transmisiorako egitasmoarekin uztartzea. Hala, 9 bideo osatu dira, 2 orokorrak eta beste 7 gai ezberdinak jorratzen dituztenak: natura, euskara, kirola, kultura, historia, industria eta turismoa.

  Arrasateko Dragoi produkzioak etxeak egin ditu ikus-entzunezkoak eta bertan jaso diren azken irudiak Gabonak aurretxoan grabatu ziren. Bideoak euskaraz sortu dira baina gaztelerazko eta ingelesezko bertsioak prestatzen ari dira, helburua, herritarrentzat, eta gurera datorrenentzat, Oñati gaur egun zelakoa den azaltzea baita. 

  Ikus-entzunezkoak sare sozialen bidez zabalduko dira eta Kultur etxeko zine emanaldien aurretik ere proiektatuko dira, atalez atal. Hurretik egitasmoaren web atarian ere zintzilikatu dira ondarearen transmisiorako bitarteko egokia dela uste baita, ez bakarrik publiko gazteari zuzenduta baizik eta herritar guztientzat. www.hurretik.eus atarian zintzilikatuta gainera, herriko eragile ezberdinen eskura uzten dira ikus-entzunezkoak, beraien lan eta asmoetan erabili ditzaten. Natur eskola edota turismo zerbitzuak eskaintzen dituztenentzat oso erabilgarriak izan daitezkeela uste dute udal arduradunek.

  Oñati alderi alde eta Natura Oñatin bideoak zabaldu dira gaur baina poliki-poliki, Oñati gaur egun, Jaia eta kultura, euskara, historia eta monumentaltasuna, industria, kirola eta turismoa izenekoak zabalduko dira. 

Iturria: Oñati Irratia