Oñati Abesbatzak 50. urteurrena du

2016/04/13
Card image cap
Hainbat kontzertu eta erakusketa bat antolatu dute ospakizun egitarauaren baitan

  1966an sortu zen Oñati abesbatza Patxi Anduagaren zuzendaritzapean. Ondoren Imanol Muruak eta Loli Ordokik zuzendu zuten eta egun, Miren Gurutze Plazaola arduratzen da lan horretaz. Gaur egun, 35-40ren bat lagunek osatzen dute ahots mistoko talde hau.

  50. urteurrenera iritsita, hainbat kontzertu eta ospakizun antolatzen ari dira. otsailean, Lapuebla de Labarkan egon ziren Uztaberri Egunean parte hartuz, upategietan abesten. Baina herrian eskaini duten lehen kontzertua larunbatean izan zen Agustinoen elizan. Zaragozako Belchite herriko abesbatza gonbidatu zuten eta emanaldia bien artean osatuko zuten.

  Belchiteko koruarekin elkartrukea egingo du Oñati abesbatzak, eta oraingo bisitaren bueltakoa, urrirako antolatzen ari dira. Ez da ordea izango aurten osatuko duten elkartruke bakarra, Donostiako ONCEko abesbatzarekin ere harremanetan baitaude. Oñatiarrek, Donostian, maiatzaren 28an kantatuko dute eta 50. urteurreneko kontzertu nagusiaren azken entsegua izango da. Urteurreneko emanaldi nagusia, ekainaren 4an egingo baitu Oñati Abesbatzak Santa Ana aretoan. Emanaldi hori osatuaz gainera, 50 urteko historia laburbiltzen duen erakusketa jarriko da Kultur Etxean.

  Oñati Abesbatzak 1966tik hona osatu duen ibilbidean emanaldi ugari eskaini ditu Oñatin bezala Euskal Herria eta estatuko beste hainbat herri eta hiritan. Eta guztietan ez bada askotan Aita Madinaren lanak eskaini dituzte, orain urte batzuk Loli Ordokik aitortu zuenez, taldeko talisman edo kuttuna izan baitute Zubillagako konposagilea. Eta honek idatzitako Arantzazu poema ere grabatu zuten 1985ean Bartzelonan. Lan hori berau kantatu zuten Arantzazun 2013an. Baina azken urteetan beste kontzertu berezi batzuk ere eskaini dituzte. 2013an bertan Mozarten Requiema kantatu zuten, 2014an Vivaldi eta Bach kontzertua egin zuten eta iaz berriz, Rheinberger eta Faure.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!