Oñargi enpresa, Errekaldeko transformazio zentroa eraberritzen ari da.

2013/07/18
Auzoa ez ezik, Moiua eta Mendiko kaleetako etxe batzuk argindarrez hornitzen dituen zentroa da.

  Errekaldeko tranformazio zentroa, auzoko 24. zenbakian kokatzen da. Zaharkituta zegoen eta eraberritu beharrean. Oñargi enpresak, Miguel Ángel Núñez ingeniari teknikoari proiektua eskatu zion eta berau aurkeztuz, lanak egiteko baimena eskatu zion udalari. Baimena lortuta, lanak hasita daude jada.

  Errekaldeko transformadorean bainuontzia egingo da, lur-sarea berrituko da, barne argiteria hobetu eta segurtasun materiala ere jarriko da. Bide batez, materialak sartu eta atera ahal izateko zentro gainean 90x150 cm-ko tapa jarriko da.

  Lanak, dagoeneko egiten ari dira. Guztia doitu edo ajustatzeko argi mozketa bat egin beharko da baina Oñargik urtero abuztuan egin ohi duen mozketa aprobetxatuko da Errekaldeko transformazio zentroa eraberritzeko lanak guztiz osatzeko.

  Oñargiko teknikoak gaur bertan ari dira abuztuko argindar eten hori noiz egin zehazten. Eguna oraindik ez digute jakinarazi baina biharko edo, jakitea espero dugu eta noski, zuei ere adieraziko dizuegu. Gogoratu, urtero, Oñargiko instalazioen errebisio orokorra egin ohi dela abuztuan eta horren ondorioz, sarea deskonektatu eta berriro konektatzeko bi argi mozketa gauzatzen direla.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!