Oñatiko udala

Oñargi edo CHC enpresako komertzialak ez dira ari etxez etxe argindar kontratu eskaintzak egiten.

2014/04/29
Azken hilabeteko fakturak zuzenak direla jakinarazi nahi du enpresetako bozeramaleak.

  Azken astean Oñatin dabiltzan zenbait  komertzialen jarduera dela eta, Oñargik eta honek sortzen duen argindarra merkaturatzeaz arduratzen den CHC enpresak, argibide oharra kaleratu dute.

  Lehenik, etxerik etxe ari diren komertzial horiek Oñargi edota CHC enpresakoak direnik ukatzen da. Herriko argindar enpresak ez du halako teknikarik erabiltzen bezeroak erakartzeko.

  Bigarrenik, CHC enpresak bideratu dituen azken fakturak zuzenak direla argi utzi nahi da. Azken egunetan herrian dabiltzan komertzial ezezagun horiek kontrakoa esaten baitute faktura erakutsi arazi eta argindar konpainiaz aldatzeko trikimailu gisa.

  Etxerik etxe dabiltzan komertzial horiek, argindarra, dagokiena baino gehiago ordaindu duten bezeroen zerrenda dutela adierazten dute. Hori egiaztatzeko, jaso den azken faktura erakustea eskatzen dute eta beraiek proposatutako argindar konpainiara aldatuz gero gutxiago ordainduko dutela ziurtatzen dute. Ondo ikasitako pertsuasio teknika gogorrak erabiltzen dituzte bezeroa konbentzitzeko.

  Halako praktikek herritarren zalantza eta susmoak sortu dituzte eta asko izan dira OÑARGIren bulegora deitu edo joanda argibideak eskatu dituztenak. Gertatutakoa ikusita, Oñargik eta CHC enpresak garbi utzi nahi dute eurek ez dutela inolako komertzialik herrian lanean eta bidalitako azken fakturak zuzenak direla eta ez dela dagokiona baino gehiago  kobratu. Argibide gehiago nahi dituenak Oñargik Bidebarrieta kalean duen bulegora hurbildu daiteke edo bertara telefonoz deitu: 943 78 07 08 zenbakira.    

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!