Olapotoko bidegorri zatiaren gaia aztertzeko bilera astelehenean egingo da Diputazioan

2019/11/15
Udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkariak joango dira, bidegorria zubi berrituan egokitu dadin eskatzeko

  Udalak Diputazioko ordezkariekin eskatuta zuen bileraren helburua, bidegorria Olapotoko zubi gainean egokitu dadin eskatzea da. Hori argumentatzeko, udalaren eskariz GIRDER ingeniaritzak osatu zuen txosten teknikoa aurkeztuko zaie aldundiko arduradunei, astelehenean. Batzarra Donostian izango da, 9:30tan.

  GI-2630 errepide azpian dauden zubiak berritzeko Foru Aldundia egiten ari den lanak aprobetxatu nahi dira Olapotoko zubiaren gainean bidegorria egokitzeko. Hala, herri gunetik eta Olabarrietatik datozen bidegorriak zuzenean elkartuko dira, bidegorriak Ugarkaldera sartzeko egun duen ibilbide bihurria saihestuz, eta jende askok errepidean aurrera eginda sortzen dituen arrisku egoerak saihestuz.

  Gaia azken Osoko Bilkuran azaldu zen eta teknikoki egingarria dela ikusi zen. Olapotoko zubiaren egungo plataformaren ordez jarriko den plataforma berrian bidegorria markatu besterik ez da egin behar, errepidea pitin bat estututa. Baina nahikoa leku badago eta Udanatik etorrita gidariek topatzen duten lehen semaforoa baino metro batzuk lehenago izaki, abiadura moteltzeko balioko du gainera. Hala jaso da GIRDER ingeniaritza enpresak osatu duen proiektu teknikoan. Udalbatza osatzen duten bi taldeak ados daude bidegorriaren trazatu berri horrekin eta Foru Aldundian egingo den bilerara eskutik joango dira EH Bildu eta EAJko ordezkariak. Bide azpiegituretako departamentuan Kudeaketa eta plangintzako zuzendari nagusi Mikel Uribetxebarriarekin egingo den bilerara Izaro Elorza alkatea, Xabier Igartua eta Ainhoa Galdos zinegotziak joango dira, udal teknikari baten laguntzaz.

  Laster hasiko dira Olapotoko eta Artxubi baserri ondoko zubiak berritzeko lanak, hau da, GI 2630 zubiak berritzeko lanen bigarren fasea. Diputaziotik jakinarazi denez, datorren astean bertan, astearte edo asteazkenean hasiko dira, eguraldiaren arabera.

  Lehen fasea amaituta, orain arte itxita egon den errepide zatia irekiko da eta lan berrien eraginez, Oñatitik Olabarrietara joateko Ugarkaldetik merenderorako bidea erabili beharko da aurrerantzean, eta Fanpuena baserrira iritsita Udanarako ohiko errepidera irten ahal izango da. Olabarrietara autoz joateko baimen berezirik ez da behar, bai ordea, Udana igotzeko. Baimen horiek udaletxean eskatu behar dira. Era berean, oinezkoei merenderorako bidea ez erabiltzea eskatzen zaie udaletik, trafikoa dexente igoko delako bi hilabeteotan, eta ondorioz, arriskua handitu egingo delako.

Iturria: Oñati Irratia