Olakuako irisgarritasun eta hiri-espazioen hobekuntza plana egitea eskatu zaio A2B enpresari

2018/01/24
Auzoko merkatal-gunearen ingurua egokitu ondoren, irisgarritasun planarekin jarraitzeko asmoa du udalak

  Aurtengo udal aurrekontuetan jaso zen Olakua auzoa irisgarritasun neurrietara egokitzeko plana egitea. Lan horretarako, udalean ondo ezagutzen den enpresara jo da, A2B Arquitectos enpresara, Errekalde eta San Lorentzo auzoetako irisgarritasun azterlanak egin zituztenengana. Olakua auzoko irisgarritasun eta hiri-espazioen hobekuntza plana egiteko, BEZ kanpo, 17.460 €-ko aurrekontua aurkeztu zuen A2B enpresak eta udalak ontzat eman du, lana arkitekto talde honi esleituz.

  Orain abiatzen den plangintza horren arabera erabakiko du udalak lanak noiz eta nola egin. Baina San Lorentzon edo aurrez Errekalden egin ziren bezala, Olakuan ere, irisgarritasun lanok faseka eta hainbat urtetan egingo dira, ziurrenera. Auzoa 60. hamarkada erdialdean eraikitzen hasi zen eta apenas egin da ingurua egokitzeko interbentziorik orain arte. Irisgarritasuna hobetzeko egin den lan bakarra azken hilabeteotan Olakuako merkatal-gunearen inguruan egin da. San Andres kooperatibarekin elkarlanean, taberna eta dendarako bideak hobetu dira eta gunearen azpian dauden garajeak inpermeabilizatzeko lanak egin dira. Argiztapena ere hobetu da. Lanok amaituta daude. Gaurko eguraldi lehorra aprobetxatuz, aparkalekuak eta errepideko seinalizazioa margotu da eta bestelako babes elementuak jarri dira.  

  Olakuako etxaldeak oraindik indarrean den kooperatiba baten sustapenez eraiki izanaren berezitasuna dauka, San Andres kooperatiba, alegia. A2B enpresak osatzen duen plangintza gauzatzen hasteko beraz, udala San Andres kooperatibarekin ados jarri eta elkarlanean arituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Olakuan gaur egin diren margotze lanak