Oñatiko udala

Olaiturri gunean estalkia eraikitzeko proiektua egiteko baldintzak aztergai gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/01/18
Card image cap
Olaiturrin lur azpiko garajeak eratzeko aukera baztertu du udalak

  Olaiturrin garaje plaza bat eskuratu nahi ote zuten galdetu zitzaien Kale Zaharra eta inguruko bizilagunei.  Horren arabera, jolaslekua estali ez ezik, lurrazpiko garajeak ere egiteko. Baina garajea erosi edo alokairuan hartzeko gutxieneko interes bat ikusi ez denez, garajeak eratzeko aukera baztertu du udalak. LKS enpresak bere egunean egin zuen proiektuaren arabera egungo jolaslekua estali eta erabilera anitzeko espazio gisa hornituko da Olaiturri.  Kiroldegian egiten diren bazkari edota hainbat kirol jardueratarako azpiegitura moduan egokitu asmo da gunea, erabilera anitzeko espazio bihurtuz. Baina Sancti Spiritus unibertsitatea hain hurbil egonik, eraikin historikoarekin bat datorren estalkia jarriko da. Udala eta foru aldundiko arduradunak harremanetan daude inguruak eskatzen duen zaintza estetikoa bermatzeko. Baina nolako estalkia jarri datozen asteetan esleituko den exekuzio proiektuan zehaztu beharko da eta lan hori esleitzeko baldintza plegoa gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertzekoa zen. Ez da aztergai bakarra izan; Olakua auzoko irisgarritasun eta hiri espazioen hobekuntza plana edota San Lorentzo auzoko 9. area deritzona irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanen zuzendaritza ere azaltzekoak ziren gaurko bileran. Urgain Errekalde herri eskolako egitura hezetasunetik babesteko lanen gaia ere, jorratzekoa zen, beste behin.

  Hirigintza arloko gaiak nagusi ziren gaurko lan zerrendan. Guztira 43 gai jaso dira eta 42, Hirigintza eta Zerbitzuak batzordeari zegozkion. Batzuk, aipatu bezala, udalak berak egin asmo dituen lanei buruzkoak ziren, baina asko, partikularren baimen eskaerak; teilatua konpondu, isolamendu termikoa jarri, erretenak aldatu, igogailuak funtzionamenduan jarri edota sukaldea edo bainugela eraberritzeko lanetarako udal baimen eskaerak aztertzekoak ziren gobernu taldearen gaurko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!