Olabarrieta 70 zenbakidun pabiloia eraisten hasiko dira datorren astean

2015/07/02
Eusko Jaurlaritzak hartarako baimena eman berri du

  Botako den pabiloia, Udanarako igoera hasten den gunean, errepide eskumaldera dagoenetako bat da. Hau eraitsita, aipatu errepide azpiko pasabidea inguru horretan azaleratuko da. Eraikina behera botatzeko lanak aspaldi esleitu ziren arren, Eusko Jaurlaritzak baimena ematearen zain egon dira. Iazko azaroaren 20an sinatutako Alkate Dekretuz Egaralur eraikuntza enpresari esleitu zitzaizkion pabiloia botatzeko lanak. Baina  industria erabilera izan zuela kontutan hartuta, lurrak kutsatuta ote zeuden ziurtatzeko azterlana eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Teknimap Energia y Medioambiente enpresak egindako txostena aurkeztu zuen Udalak eta Ingurumen Sailak, lanak egiteko baimena eman berri du.

  Lanen osasun eta segurtasun plana ere urritik onartua zuen Udalak, eta koordinazio lana beteko duen teknikoa izendatuta, eraisketarako baimena ematen duen Alkate Dekretua sinatu zen astelehenean. Horren berri, beste hainbat alkate dekreturekin batera, gaurko Osoko Bilkura berezian emango da.

  Tramitazio luzea izan duten eraisketa lan hauek lehenbailehen egitea komeni da eta okerrik ezean, datorren astean bertan hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia