Odol ateraldiak Enpresagintza fakultatean egingo dira berriro

2019/11/13
Card image cap
Fakultateak egin behar zituzten obrak amaituta itzultzeko gonbidapena egin diote Oñatiko odol emaileen elkarteari

  Maiatzaz geroztik Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan egin dira hileroko odol ateraldiak baina Enpresagintza fakultatera itzuliko dira ostiralean.

  Enpresagintzan hainbat berritze lan egin dituzte udan. Horregatik, aldi baterako, beste leku bat topatzeko eskatu zieten Odol emaileen elkartekoei. Lanak amaituta fakultateko gela batzuk erabiltzeko aukera eskaini diete berriro eta atsegin handiz itzuliko direla adierazi digu taldeko arduradunetako batek. Izan ere, Enpresagintza fakultateak erraztasun ugari ematen ditu, bai leku aldetik baita aparkaleku aldetik ere;  eraikinean mediku kontsulta egin, odola eman eta ondorengo otartekoa jateko nahikoa leku dago eta Donostiatik propio etortzen den taldearen material-garraiorako eta odola ematera doazen herritarrendako autoa bertatik bertara uzteko aukera eskaintzen du kanpoko aparkaleku zabalak.

  Odol emaileen elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Oñatiko udalari, lokal beharrean egon diren hilabeteetan emandako laguntzagatik, eta eskerrak baita ere Enpresagintza fakultateari, odol ateraldiak berriro beraien etxean egiteko aukera emateagatik.

  Azaroko odol emanaldietarako hitzordua ostiralean da, 17:00tatik 19:00tara ohikoa denez, baina Enpresagintza fakultatean berriro ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!