Nikolas Segurolak “Baserritarron laguna” saria jasoko du, urtarrilaren 26an

2020/01/13
Card image cap
ENBA nekazal sindikatuak Segurolari emandako saria baliatuko du Arantzazuko anaidiaren babesa eskertzeko

  Nikolas Segurolak txikitatik izan du artzaintza gustuko. Etxean jaso zuen tradizioa eta Arantzazura etorrita zaletasunari jarraipena emateko aukera izan zuen Gomiztegi baserrian. Artzainen ogibidea eta bizimodu duina aldarrikatu eta landu du Segurolak eta artzainen formazioa lehenetsi du. Hala, Gomiztegiko Artzain Eskolaren sustatzaile nagusienetakoa izan zen eta latxa ardia hobetzeko lanetan buru belarri aritu da urteetan.

  Nikolas Seguraola fraide frantziskotarra izanik, Arantzazuko anaidiaren babesa eta laguntza izan duela kontutan dute ENBA sindikatukoek eta Baserritarron laguna saria baliatuko dute Arantzazuko anaidiaren babes hori ere eskertzeko.

  Gipuzkoako ENBA nekazal elkarteak 2013an erabaki zuen Baserritarron laguna saria eratzea, bere eguneroko jardunarekin baserriaren alde lan egiten duten persona, elkarte, entitate edota komunikabideen lana aitortu eta eskertzeko. Lehen aldian, Jaime Zubia Zinkunegirentzat izan zen saria; bigarrenean, 2015 urtekoa, AMAMA filmarentzat eta 2017an ETBko SUSTRAI saioarentzat. Orain, laugarren saria, Nikolas Segurolak jasoko du.

  Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 26an egingo da, Urnietako Salesiarren ikastetxean, ENBAren Batzar Orokorraren baitan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!