Neguko arropa eta materiala batzeko dei berezia egin du Hermansoloña elkarteak

2018/10/17
Card image cap
Zuten stocka nabarmen jaitsi da Oñatin eta Bilbon dauden migratzaileen beharrei erantzun ondoren

  Hermansoloña elkarlanean aritzen da CARITASekin nagusiki baina baita aldian-aldian sortu daitezkeen proiektu eta beharrei erantzuteko lan egiten duten beste talde batzuekin ere. Erabiltzeko moduan dauden arropa, manta, oinetako, etxeko ontzi eta materiala jasotzen du eta beharra dutenengana bideratzen du beti ere, elkarte edo talde antolatuen bitartez.

  Azkenaldian Oñatin lanean hasi den CEAR Euskadi eta Bilboko Karmela elkarteekin harreman estua egin du Hermansoloñak. Bi elkateek gurera iristen diren migratzaileekin lan egiten dute. CEARi mantak helarazi dizkiote Oñatiko aterpetxerako eta Bilboko Harrera auzoa egitasmoan parte hartzen duen Karmela elkarteari, txamarra, sudadera eta oinetakoak. Horrek, gordeta zuten neguko materiala kasik agortzea ekarri du. Ondorioz, neguko arropa eta materiala batzeko behar berezia eragin du,  tenperatura hotzeneko egunak etortzeko baitaude.

  Mantak, txamarrak, forro polarrak eta oinetakoak eskatzen dira bereziki, gizonezko gazteentzako aproposak direnak. Oinetakoak esanda, zapata, bota eta kirol oinetakoak adierazi nahi dira. Lo zakuak, toalla handiak eta patinete eta baloiak ere batu nahi dira.

  Neguko beharrei aurre egin ahal izateko material bilketa berezirako deia zabaldu du Hermansoloña elkarteak, pilatuta zituen artikuluak kasik agortu baititu. Hermansoloña elkartasun taldeak lokala kale Zaharrean dauka, kale Zaharreko 52an eta astelehenetik ostegunera, arratsaldeko 18:00tatik 19:30tara irekitzen dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!