Natur eskola eraberritzeko II eta III. faseko lanen lizitazioa abian da

2019/12/12
Egin beharrekoak bost lotetan bildu dira eta guztira, gehienezko aurrekontua 728.000 euro da

  Amaitzear daude Natur eskola eraikina bioeraikuntza baldintzetara egokitzeko lehen faseko lanak. Sarrerako solairuko paretak botata egurrezko hormez ordezkatu dira, portxe moduko bat egin da, eraikinaren goiko solairuan terraza sortuz eta fitoarazketa sistema berria jarri da hondakinak tratatzeko. Era berean, zoru berria jarri da sarrerako solairuan.

  Orain, bigarren eta hirugarren faseari dagozkion lanak egingo dira, eraikuntza guztiz eraberritzeko. Eraikinaren kanpoaldea urbanizatu behar da, fatxada nagusia izan ezik, eraikinaren inguratzailea hobetu behar da eta eraikinaren barruko lanak ere bai: banaketa berriak egin, argindar, argiteria, iturgintza eta saneamendu instalakuntzak, besteak beste. Lehen fasean bezala, lanak, loteka berezitu dira, bost lote guztira: eraikuntzako lan orokorrak; inguratzailea hobetzeko lanak eta egur lanak; iturgintza lanak; argindar, argiteria eta telekomunikazio lanak eta berokuntza eta ur bero instalakuntza. Lote edo sorta bakoitzak bere aurrekontua du baina guztira, 728.000 euroko gehienezko aurrekontua zehaztu da lizitazio deialdian.

  Egin beharrekoa loteka bereizteak esanahi du, esleipen edo kontratazioa  loteka egingo dela eta ondorioz, enpresen eskaintzak ere horren araberakoak izango dira, lan espezifikoak direlako. Baina guztiak lizitazio prozedura berean bildu dira eta proposamenak aurkezteko epe berbera dute, abenduaren 18ko 14:00ak arte, hain zuzen. Lote bakoitza gauzatzeko zehaztu den epea ere berdina da, 3 hilabete, nahiz eta, seguruenera, ez diren guztiak aldi berean hasi eta bukatuko. Enpresen eskaintza ekonomikoa izango da lanak esleitzeko irizpidea.

  Natur eskolan egiten ari diren birgaitze proiektu honen helburua da bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliz osasungarria eta energetikoki oso eraginkorra den aztarna txikiko eraikina lortzea. Natur eskolak betetzen duen funtzio pedagogikoa eraikinera zabalduz. Hau da, jasangarritasun energetiko eta ekologikoa erakusteko baliabide bihurtzea eraikina bera.

  Natur eskola eraberritzeko lanak egiten diren bitartean, zerbitzua, Eltzian eskaintzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Lehen faseko lanak Natur eskolan