Natur eskola birgaitzeko lehen faseko lanak hastear daude

2018/12/12
Card image cap
Osasungarria eta energetikoki oso eraginkorra den aztarna txikiko eraikina lortzea da esku-hartzearen helburua

  Oreka Arkitektura taldeak egin zuen Natur eskolaren birgaitze proiektua eta eurak arduratuko dira lanen ikuskaritza eta zuzendaritzaz. Lanak berriz, gremioen arabera loteka banatu dira, hala, urbanizazio lanak Artzamendi enpresak egingo ditu, aroztegi lanak Egurpe eta Zuhaizkik eta iturgintza lanak Maiña iturgintzak. Izan ere, hainbat lan egingo baitira lehen fase honetan. Eskola kanpoaldeko urbanizazio lanaz gain fatxada nagusia birgaituko da, lastoz isolatuko da eta egurrezko estruktura batez estaliko da. Beheko solairuko paretak bota egingo dira, egurrezko hormez ordezkatzeko. Sarreran portxe moduko bat egingo da, eraikinaren goiko solairuan terraza sortuz. Fitoarazketa sistema berria ere jarriko da hondakinak tratatzeko eta komunak berrituko dira, komun lehorrak jarriko dira. Azkenik, zoru berria jarriko da eskolaren sarrerako solairuan.

  Birgaitze proiektu honen helburua osasungarria eta energetikoki oso eraginkorra den aztarna txikiko eraikin bat lortzea da. Natur eskola barne espazio eder eta erosoa izan dadin lortu nahi da, bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliz. Lanak amaituta, eraikina energetikoki oso eraginkorra izango da, energia kontsumoa ahal bezain beste murrizteko bitartekoak jarriko direlako, eta ahal den neurrian, energia-iturri berriztagarriak erabiliko dira.Aztarna ekologiko txikia izango du, tokiko material naturalen erabilpena eta tokiko baliabideak lehenetsi direlako.

  Eraikina osotasunean landu eta honen funtzio pedagogikoa balioan jartzeko lanak egitea bilatzen du Udalak; egiten diren interbentzioak eta jartzen diren sistemak, jasangarritasunaren kontzeptua adierazi eta erakusteko erabilgarriak izan daitezen.

  Lehen faseko lan hauek esan bezala, hastear daude. Neguan, Natur eskolako aktibitatea jaitsi egiten da, eskolen bisitak murriztu egiten baitira. Baina eguraldia eskaxagoa ere izaten da eta udaberrian ohikoak diren kanpoko ekintzak barrualdean egin behar izaten dira sarritan. Horregatik, Natur eskola egokitzeko lanean ari diren bitartean, Eltziako instalazioak erabiliko dira ikasleei harrera egiteko.

  2017-2018 aurreko ikasturtean  7191 ikasle, irakasle eta herritar pasatu ziren Natur Eskolatik, bertan antolatu ziren ekintza ezberdinetan parte hartuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!