Nafarroa erdialdean gertatutako uholdeen inguruko mozioa onartu zuen udalbatzak azken Osoko Bilkuran

2019/07/29
Kaltetutakoei elkartasuna adierazi eta 4.000 euroko dirulaguntza bideratzea onartu zen

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako akordioa da mozio moduan Osoko Bilkuran irakurri eta aho batez onartu zena.
Uztailaren 8an izandako eurite handiek eraginda Zidakos ibaiak gainezka egin eta Nafarroa erdialdeko hainbat herritan kalteak gertatu zirela aipatzen da idatzian. Etxebizitza, garaje eta komertzioetan ez ezik, oinarrizko azpiegituretan kalte garrantzitsuak eragin zituzten uholdeek. Larriena, 25 urteko Zeru Cañada Zorrilla gaztearen heriotza izan zen. Guzti hori gogoan, lau puntuko akordio-mozioa onartu zuen udalbatzak, aho batez.

  Uztailaren 8ko eurite eta uholdeen ondorioz kaltetutako herritarrei eta udalerriei elkartasuna adierazten zaie mozioan, bereziki, Zeru Cañada Zorrillaren senitartekoei. Kalteak berreraikitzeko 4.000 euroko dirulaguntza bideratzea onartu du udalak, eta era berean, oñatiarrak, auzolan ekonomikoan parte hartzera animatzen dira, kaltetutako udalek ireki dituzten banku kontuetan egoki deritzoten ekarpenak eginez.

Iturria: Oñati Irratia