Musikak presentzia berezia izango du aurtengo Gabonetako egitarauan.

2013/12/09
Card image cap
Ganbara kantu eskolaren 10. urteurreneko kontzertu bereziari, gospela, Gabonetako kontzertua, Oñati abesbatzak, bandak eta Jose de Azpiazu musika eskolakoek egingo dituzten emanaldiak batu behar zaizkio.

  Gertu dago jada aurten Eguberritako kultur egitaraua. Inprentan da eta bihar bertan etxeetara banatzen hasiko dira.  
Baina aurreratu genezake musikak leku berezia hartu duela aurtengo Gabonetako programazio horretan. Eta hasi, dagoeneko 10 urte bete dituen egitasmo baten historia biltzen duen erakusketa irekiaz hasiko da: ostiralean bertan GANBARA TXIKI: 10 URTE KANTUAREKIN BIZIZ, KANTUAREKIN HAZIZ erakusketa zabalduko baita kultur etxean. Ospakizun honekin lotuta, bestalde, abenduaren 22an, 10 urte kantu kontari izeneko kontzertua eskainiko dute Ganbara abesbatzak eta Ganbara kantu eskolako talde guztiek.

  Azken bi urteetan harrera ezin hobea izan duen gospel emanaldia ere ez da faltako aurten, hilaren 20an izango da: SOULSHINE VOICES taldearen gospel emanaldia Santa Ana aretoan izango da. Sarrerak dagoeneko internet bidez eskuratu daitezke, ohikoa denez www.barrabarra.eu atarian. Aurrez hartuta nahiz egunean bertan, sarrerak 10 eurotan ordaindu beharko dira.

  Baina musika zita gehiago ere izango ditugu. Datorren domeka honetan bertan, Gabonetako kontzertu berezia izango dugu Parrokian herriko musika taldeen partaidetzaz, abenduaren 21ean, Oñati Abesbatzak agustinoetan kantatuko du eta egun berean, Aita Madina Txistulari taldeak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoilariak ere gabonetako kontzertua eskainiko dute udaletxeko arkupetan. Musika eskolako ikasleak, Olentzerori laguntzen ere arituko dira eta abenduaren 27an, Eguneko zentrora hurbilduko dira. Musika eskaintza borobilduz eta Gabonetako programa osatuz, Musika bandak Errege eguneko ohiko kontzertua egingo du.

  Bestelako doinuak nahiago dituztenentzat, esan, abenduaren 20an, antixeneko Gaztetxean, EZ!, Ro eta Frantzeska taldeak arituko direla, eta 28an, berriz, Lin Ton Taun taldea, Gaztelekuan.

  Urteroko moduan, ur jokoak, haur parkea, zine emanaldi bereziak, Ilatargi elkartearen hitzaldia, kuadrilen arteko saskibaloi eta futbito txapelketak, San Silbestre lasterketa eta noski, Olentzero eta Errege Magoei harrera izango dira.
Gainera publiko gaztetxoari zuzenduta, hilaren 14ean, Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango da Urgain-Errekalde eskolako guraso elkarteak antolatuta. Haurrei zuzenduta baita ere, Arrikrutzen bisita bereziak egingo dira abenduaren 27 eta 28an eta urtarrilaren 3 eta 4an. Txaloka ludotekan ere jardunaldi irekiak izango dira, hilaren 23, 26, 27 eta 30ean. Eta Oñati ezagutu jolasten ginkana jokoa, urtarrilaren 4an.

  Elkar hezik antolatutako elkartasun azoka ere klasiko bihurtu da, hilaren 14ean goizez izango da plazan eta urterokoa da baita ere, Errege bezperako bertso jaialdia. Datorrena, dena den, berezia izango da, domekan Barakaldoko BECen jokatuko den finalean arituko diren 8 bertsolari, urtarrilaren 5ean Zubikoa pilotalekuan arituko baitira. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak gurean ikusi eta entzun ahal izateko sarrerak, aldez aurretik salgai jarriko dira. Datorren astelehenetik aurrera jada, bertso jaialdirako sarrerak TXOKOLATEIXAN salgai jarriko dira 10 euroren truke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!