Mugikortasun Planeko ekintzak azaltzeko bilera informatibo irekiak antolatu ditu Udalak

2016/10/10
Card image cap
Ostegunean merkatariekin egin zen eta bihar eta datorren astelehenean herritarrei zuzendutakoak programatu dira

  Hiri-Mugikortasun Iraunkorrerako Plangintza gauzatuz urrats garrantzitsuak emango dira datozen egun eta asteetan. Ostiralean, Herribusa martxan jarriko da eta Atzeko Kaleko lanak amaitu bezain pronto, errotazioko aparkaleku sistema eta oinezkoen zonaldeen zabalpena ere indarrean sartuko dira. Horrek, herritarren egunerokoan eragina izango duela jakinik, bilera informatibo irekiak antolatu ditu Udalak. Lehenengoa, eta merkatari eta ostalariei propio zuzendutakoa, pasa den ostegunean egin zen Kultur Etxean. Gutun bidez zabaldu zitzaien gonbidapenari erantzunez, 35-40ren bat lagun bildu ziren. Udal ordezkariek, Mugikortasun Planaren baitan gauzatu asmo diren hurrengo egitasmoen berri eman zieten, orain arte egin diren ekintzak ere aipatu ziren eta sektoreko profesionalek azaldutako kezka eta zalantzak argitzearekin batera, beren iradokizun eta ekarpenak ere jaso zituzten.

  Hurrengo asteetan gauzatuko diren ekintzen artean, garrantzitsuenak esan bezala, hiru zutabe nagusitan biltzen dira: garraio publikoa eta Ugarkalde eta Kasablanka elkar lortuko dituen Herribusa; errotazioko aparkalekuen sistema eta erdiguneko kaleen peatonalizazioa eta zamaketa lanetarako nahiz mugatutako kaleetara sartzeko neurri berriak. Erdiguneko kaleetara sartzeko kontrol neurri zorrotzagoak hartuko ditu Udalak eta horrek, zuzenean eragingo die inguruko merkatari eta ostalariei. Gai horren inguruan egon zen eztabaidarik handiena osteguneko bileran. Zenbait proposamen ere egin zituzten eta udal arduradunak guztiak aztertzekotan geratu ziren.

  Baina datozen asteetan gauzatuko diren aldaketek herritarroi eragingo digutela jakinik, herritarrei orokorrean zuzendutako beste bi bilera ireki antolatu dira: lehenengoa bihar bertan eta bigarrena, datorren astelehenean. Ordutegia muga izan ez dadin, biharko bilera 10.30tan jarri da, Kultur Etxean, urriaren 17koa berriz, arratsaldez egingo da: 18.30tan eta udaletxeko areto nagusian.  Helburua, esan bezala, 2014an egin zen Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana gauzatzen jarraituz martxan jarriko diren hurrengo ekintzen berri eman eta bide batez, herritarren ekarpenak jasotzea da. Bilera informatiboak irekiak dira eta bertara, herritar guztiak gonbidatzen dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!