Mugikortasun Foroak bilera egingo du bihar.

2013/12/17
INTRA enpresak osatu duen diagnostikoa ezagututa, mehatxu eta ahulguneak aztertuko dira horiek gainditzeko estrategiak zehazteko.

  Hiru aste pasatu dira Mugikortasun Foroaren lehen bilera egin zenetik. Tarte honetan, partaideek, egoeraren diagnostiko txostena aztertzeko aukera izan dute. Eskuartean, INTRA enpresak egindako AMIA matrizea ere izan dute, hau da, mugikortasunaren inguruan, eta atalez atal, herriak eskaintzen dituen aukerak eta indarguneak nahiz mehatxu eta ahuleziak sailkatzen dituen matrizea. Biharko bileran, bigarren atal horri, mehatxu eta ahuleziei erreparatuko zaie, baina ez eztabaida soila egiteagatik baizik eta ahulezia horiek gainditzeko estrategiak zehazteko baizik.

  Oinezkoen desplazamenduen kasuan, bide espazioaren %33a soilik dago oinezkoei zuzenduta, gainera, %29a ez daude egokituta. Horri, espaloi gainetan aparkatzen diren ibilgailuek sortutako traba edota eskola inguruetan sortu ohi diren kolapso txikiak batu behar zaizkio.

  Bizikleta bidezko desplazamenduei dagokionean, azpiegitura falta eta dauden bidegorrien arteko konexio beharra dira zuzendu beharreko ahulezietako batzuk. Bizikletentzako aparkalekuak bidegorrietatik urrun egotea edota zirkulazio araudia ez betetzea eta oinezkoen zonaldeetan sortu ohi diren gatazkak ere bideratu beharrezko beste puntu batzuk.
Garraio publikoa hobetu ahal izateko, Oñati hiriburuekin lotzen duen zerbitzuaren maiztasun eskasa, hiri barruko autobus linea bakarra izatea eta hori, Arantzazura jaiegunetan izaten dena izatea, edota eskola garraioa egiten duten autobusek erabili ohi dituzten geltoki batzuk egokitu eta seinaleztatu gabe egotea aipatzen da INTRA enpresaren txostenean.

  Kotxeari dagokionean azkenik, Lazarraga kalean edota Bidaurretako errotonda inguruan auto pilaketak, erdigunean eta Bidebarrieta kale inguruetan aparkaleku arazoak, oinezkok aleetatik pasatu edo zamaketa lanak egiteko asmorik izan gabe bertan aparkatzeko dagoen joera edota Lezesarri auzoaren parean Arantzazurako bidean zihoazen 10 ibilgailuetatik 9k abiadura mugaren goitik joatea dira zuzendu beharreko arloetako batzuk.

  Oñatin, mugikortasuna hobetu ahal izateko antzeman diren ahultasun edo mehatxuetako batzuk dira horiek. Bihar arratsaldean bigarren aldiz jada bilduko den Mugikortasun Foroak ahultasun horiek gainditzeko estrategiak proposatu eta  eztabaidatuko ditu.

  Mugikortasun Forora herriko hainbat eragile zuzenean gonbidatzen dira: Txirrinka bizikletazaleen elkartekoak, Trauti-hesirik gabe taldekoak, TXANDA dendarien elkartekoak edota LANBUS egitasmoan bat egin zuten enpresetako ordezkariak, besteak beste. Baina bilera irekia da eta interesa duten herritar guztiei parte hartzeko aukera ematen zaie. Hori aurre ikusiz, bilera, udaletxeko areto nagusian egingo da bihar arratsaldeko 7etan hasita. 

Iturria: Oñati irratia