Moyua eraikuntza enpresak egingo ditu Txiki-Txoko haur eskola berritu eta handitzeko lanak.

2013/07/09
Dagoeneko patioaren zati bat itxi dute eta gaur bertan materiala ekartzen hasiko dira.

  Izan ere, Txiki txoko haurtzaindegia berritu eta handitzeko lanak lehenbailehen egin behar dira. Lanak egiteko denbora mugatua da, hiru hilabete besterik ez eta eraikin barruko egokitze lanak, haurren opor garaian egin behar dira. Txiki txokon, ikasturtea uztailaren 24an amaituko da baina iraila hasieran berriro abiatuko da.

  Denbora tarte horretan eraikin nagusiko espazioak berrantolatu beharko dira: haur eskolak egun dituen 3 geletatik 2 egingo dira, txiki geratu den bulegoa handituko da eta sukaldea berrituko da. Eraikin berria ere egingo da eraikin nagusia eta psikomotrizitate gela arteko gunean. Lanak amaituta, Txiki txokok lau gela izango ditu, gaur egun baino bat gehiago.

  Zerbitzuaren funtzionamendua bermatzeko, eraikin barruko lanak udako oporretan egingo dira: uztaila amaieran hasi eta abuztuan amaitu beharko dira irailerako prest egoteko. Handitze lanak berriz, azaroan amaitzea komeni da, eraikin berria urtarrilerako martxan egon dadin.

  Udalak, lanak, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz esleitu berri ditu. Herriko hiru enpresei proposamenak aurkezteko deialdia egin zien baina bik eskaintzak zehaztu zuen lizitazio prezioaren gaineko aurrekontuak aurkeztu zituzten. Moyuarena, berriz, dexentez merkeagoa izaki neurri gabekotzat jo zuen hasieran kontratazio mahaiak eta horren justifikazioa eskatu zuen. Jasotako azalpenak ontzat eman zituen kontratazio mahai horrek eta lanak, Moyua enpresari esleitzea erabaki zen. Txiki txoko haur eskola berritu eta handitzeko lizitazio aurrekontua ia 122 mila euro gehi BEZa izan bazen ere, 106 mila euro gehi BEZaren truke egingo dira.

  Gaur bertan jada beharrezkoa duten materiala ekartzen hasiko dira eta oporrak hartu aurreko bi aste hauetan, kanpoko lanak aurreratuko dira. Inork minik hartu ez dezan, noski, lan gunea hesitu egin da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!