Oñatiko udala

Moyua enpresak egingo ditu Eltzian espazio berriak prestatu eta egokitzeko lanak

2016/10/11
Card image cap
Obra egin bitartean Eltzekideak eraikinean egongo direnez, lanak planifikatzeko bilera egingo da

  Izaskun Legaristi arkitektoak egindako proiektuan jasotako lanak dira Moyua S.L eraikuntza enpresari esleitu berri zaizkionak. Aktuazio nagusia ETEO eraikin zaharreko lehenengo eta bigarren solairuetan egingo da. Lehenengo solairuan, Eltzia proiektuaren bihotza izango den topaleku zabala egokituko da, 230 metro karratuko espazio argitsua izango da. Egun sotoan dagoen taberna ere, lehenengo solairu honetan kokatuko da. Gorputz Eltziako taldeentzako aretoetan, zoru biguna jarriko da eta beste hainbat espazio multifuntzional egokituko dira. Beheko solairuan, egungo taberna dagoen inguru horretan ere, biltegiak egokituko dira.

  Lanak egiten diren bitartean eraikina erabiltzen arituko dira, hau da, Eltzekideek eta beren jardunak jarraituko dute. Lanek, Eltzekideei ahalik eta gutxien eragitea da asmoa eta horretarako, espazio berrietara aldatu behar izan dute. Goiko solairuan eta Musika Eltzia inguruan egokitu gabe dauden aretoetan kokatu dira. Lanak, erabiltzen ari den espazio batean egingo direnez, aurreko planifikazioak garrantzia handia dauka eta hori zehazteko bilera egingo da datorren astelehenean. Batzarrean, Moyuako ordezkariez gain, Udaleko Hirigintza eta Partaidetza teknikariek eta Izaskun Legaristik, proiektuaren egile eta lanaren zuzendaritza eramango duenak parte hartuko dute. Bileran, lanak egiten diren bitartean erabiltzaileen sarrera-irteerak nondik egin zehaztu beharko da, besteak beste.

  Lanok, sei hilabeteko epean egiteko baldintza jaso zen esleipen deialdian. Urria amaierarako hastea espero da eta apirila amaierarako edo, bukatzea. Larraña auzoa 16 zenbakiko barne eraberritze lanen kontratazio deialdira 5 enpresa aurkeztu ziren. Jarritako baldintzak guztiek betetzen zituzten eta eskaintza ekonomiko merkeena egin zuen Moyua enpresari esleitzea erabaki zuen epai mahaiak. Lanak, lizitaziorako aurrekontua ia 48.000 eurotan merkatuta, 393 mila eurotan egingo dira, BEZa kanpo delarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!