Mondragon Unibertsitateko LEINN gradua Txinan eskainiko da

2016/06/17
Hitzarmena sinatu da gaur Enpresagintza Fakultatean

  Egun esanguratsua da ekainaren 17.a Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Graduari dagokionean. Goizean, LEINN gradua Txinan, Shangain, eskaini dadin, lankidetza hitzarmena sinatu dute, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik eta Mondragon Team Academy Chinako zuzendari Kun Zhang-ek eta Shangaiko Nazioarteko Unibertsitateko Sino-Spain International Educational Exchange Association-eko lehendakari Ye Yuhong-ek.

  Enpresagintza Fakultatean bertan sinatu den hitzarmen honen babesean, Mondragon Unibertsitateak Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Gradua Shangain eskainiko du Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza sarearen bidez. LEINN gradua, Mondragon Unibertsitateak bakarrik eskaintzen du estatuan, tokian tokiko laborategien bitartez. Era berean, mundu zabaleko hainbat unibertsitatetan sustatzen du.

  Hitzarmenaren xehetasunak eta helburuak azaldu dira goizeko prentsaurrekoan. Horrez gain, Mondragon Team Academyk, bere hezkuntza-berrikuntzako hiru programen bidez, LEINN tartean, zortzi urteko jardueran zehar lortutako adierazle eta datu nagusien balantzea egin da.

  Arratsaldeko 18.00tan berriz, LEINNeko 39 ikaslek gradu diploma jasoko dute. Oñatiko bigarren promozioa eta Bidasoako  Campuseko hirugarrena osatzen duten 15 neska eta 24 mutil dira. Ekitaldian ere, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik parte hartu eta berba egingo dute.

Iturria: Oñati Irratia