Misio taldeak eskerrak eman ditu inauterietako txokolatadak izan zuen harreragatik

2018/02/16
Datorren astean elkartasun afaria eta antzerkia izango direla aurreratu du

  Parrokiako Misio Taldeak eskerrak eman nahi dizkie astearteko txokolatadan parte hartu zuten herritar guztiei. 66 litro esnerekin, 300 txokolate basokada prestatu ziren eta guztiak banatu ziren. Batutako dirua Maliko Togo herrian dagoen Saint Paul eskolako ikasleen elikadura ziurtatzeko proiektura bideratuko da. Misio taldearen eskertze oharrean aipamen bereziak egiten dira: Makalena elkarteari, txokolatea prestatzeko sukaldea erabiltzen uzteagatik; Azurmendi andreari, kakaoa oparitzeagatik; udalari eta lanean aritu ziren boluntario guztiei.

  Hurrengo bi hitzorduak ere aurreratu dituzte Misio taldekoek: datorren ostiralean egingo den elkartasun afaria eta domekako elkartasun antzerkia. Hilaren 23an, afari solidarixoa egingo da Bidaurretako fraideen lokalean. Afari xumea eskainiko zaie bertaratzen direnei eta afalosteko tertulian Leire Atxegak berba egingo du. Atxega, elizbarrutiko misio pastoraltzako dinamizatzailea da. Oñatiko Caritas taldeak babesten duen Elkarzabal proiektuaz ere argibideak emango dira. Afarira doazenei borondatea ematea eskatzen zaie eta batutakoa misio taldearen Maliko proiektura bideratuko da. Hilaren 25ean berriz, elkartasun antzerki emanaldia izango da Ikusi Makusi taldearen eskutik. Nos vamos de vacaciones lana Santa Ana aretoan, 19:00tan eskainiko da. Sarrerak, 5 eurotan, Santa Anako takillan bertan erosi ahal izango dira eta aurrez, hilaren 21, 22 eta 23an Pake leku elkartean. Batzen den dirua misio taldeak Malin babesten duen proiektura bideratuko da baita ere.

Iturria: Oñati Irratia

Astearteko txokolatadan aritu ziren boluntarioetako batzuk