Miren Elgarresta jeltzaleak zinegotzi karguari uko egin dio

2016/07/21
Errenuntziaren berri gaurko Osoko Bilkuran azalduko da

  Urtebete da Udalbatza berria eratu eta lanean hasi zela. Iazko maiatzean egin ziren udal hauteskundeetan Miren Elgarresta Larrabide EAJko zerrrenda-burua izan zen. EH Bilduk lortu zuen boto gehien eta Mikel Biain izendatu zen alkate, taldeak gobernu ardurak hartuz. Jeltzaleak  berriz, oposiziora pasa ziren eta Elgarresta, taldeko bozeramale lana betetzen hasi zen. Handik gutxira, kargu berria hartu zuen Diputazioan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako organoaren zuzendari. Eta horrela eman ditu azken hilabeteak, bi ardurak uztartuz. Batzuetan ordea zaila gertatzen da eta arrazoi pertsonalak argudiatuta, zinegotzi karguarekiko errenuntzia aurkeztu du Miren Elgarrestak. 

  Oñatiko EAJren Uri Buru Batzarrak, orain urtebete hartutako konpromisoa eta dedikazioa eskertu dio Elgarrestari gaur zabaldu duen prentsa-ohar bidez. Era berean,  zinegotzi kargua hartuko duen herritarraren izena jakinarazi du: Nekane Maiztegi Ugarte. Nekane Maiztegi Ugarte EAJren zerrendan 12.a izan zen iazko udal hauteskundeetan. Enpresa zientzietan lizentziatua, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean irakasle da. Irakasteko bokazioa eta taldean lan egiteko ohitura duela azpimarratzen da EAJren prentsa-oharrean.

  Aurrerantzean, Lourdes Idoiagak beteko ditu nagusiki jeltzaleen bozeramale lanak, nahiz eta gaiaren arabera batzordean diharduen zinegotziak azalduko du jeltzaleen jarrera. Alderdiak ordezkoa izendatuta duen arren, gaurko Osoko Bilkuran ez du kargutik hartuko. Dagokion erakundeari Elgarrestaren errenuntziaren berri eman zaio eta ordezko zinegotzia izendatzeko datuak ere helarazi zaizkio baina beharrezkoa den akreditazioa oraindik ez da jaso. Beraz, okerrik ezean, hurrengo Osoko Bilkuran, irailean hartuko du zinegotzi kargua Nekane Maiztegi Ugartek.

  Miren Elgarrestaren zunegotzi karguarekiko errenuntziaren gaia ez ezik, beste 11 jaso dira uztaileko Osoko Bilkurarako lan zerrendan. Enpleguarekin erlazionatuta, pertsona langabetuak kontratatzeko eta enpresa berriak sustatzeko udalak eman ohi dituen diru laguntzen oinarriak aldatu egin dira, Lanbidek eman ohi dituenekin bikoizketarik gerta ez dadin. Oinarri berriak onartu eta aurtengo deialdia kaleratzea proposatuko da arratsaldeko bilkuran. Hirigintza arloan sortu berri den aholku kontseiluan, edozein auzo alkatek bertaratzeko aukera izan dezan araudian aldaketa egitea ere proposatuko da. Amaitzeko, bi mozio-idatzi aurkeztuko dira: Zubietako errauste plantaren proiektuaren ingurukoa bata eta Eeskal selekzioaren mendi martxa eta aldarrikapenaren aldekoa bestea. 

Iturria: Oñati Irratia