"Minutu bat egunero" kanpaina abian jarri du Mundukidek Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan

2016/10/17
Card image cap
Batutako dirua, hegoaldeko herrietan dituen proiektuak finantzatzera bideratuko da

  Mundukide GKEk, Mozanbike, Brasil eta Kuban lanean dihardu, bertako milaka pertsonen bizitza hobetzea helburu duten proiektuak gauzatzen. Baina horrek dirua eskatzen du eta horretarako, Minutu bat egunero ekimena abiatu dute.

  Urriaren 17a, Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honen harira abiatutako kanpainak helburu bikoitza du: gizartea sentsibilizatzea  eta erakustea keinu txikiekin asko egin daitekeela eta garapen proiektuak gauzatzeko diru baliabideak eskuratzea. Minutu bat egunero ekimena kooperatibista nahiz elkarte anonimoetako langileei zuzenduta dago.

  Argibideetarako web atari bat sortu du Mundukidek: www.minutubategunero.org webgunea. Atari horretan edonork dauka hilean behin eman nahi duen kopurua kalkulatzeko aukera; solidaritate kalkulagailu berezi batek lan minutuko jasotzen den soldata kalkulatuko du eta horren arabera, zenbat lan minutu eman nahi diren erabaki ahal izango da. Ekarpena egiteko izen-ematea webgunearen bitartez zuzenean egin daiteke edota horretarako propio argitaratu diren esku-orriak bete eta postaz Mundukide Fundaziora bidalita.

   Mundukidek 17 urte daramatza hegoaldeko herrialdeetan lanean, garapen sozioekonomiko iraunkorra bermatzen duten gizabanako zein kolektiboak diren gaitasunak modu kooperatiboan sendotzen. Iaz, 2015. urtean, 80.000 pertsona baino gehiagori eskaini zion laguntza, lanaren bitartez, euren bizitza hobetu zezaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!