Mendi bideak garbitzeko pioitarako aurkeztu diren langabetuen behin behineko puntuazioak argitaratu dira

2017/11/29
Erreklamazioetarako epea ostiralean amaituko da

  Oñatin erroldatuta eta langabezian dauden 11 lagun elkarrizketatu ziren mendi bideak garbitzeko pioi lanpostu hauetarako. Bakoitzari dagokion puntuazioa zerrenda orokor batean jaso da eta bakoitzaren egoeraren araberako taldekako zerrendak ere osatu dira. Guztiak udaletxeko iragarki taulan eta udal web atarian argitaratu dira. Era berean, erreklamazioetarako epea ireki da abenduaren 1a, ostiralera arte. 

  Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako Lanbideren diru laguntzaz mendi bideak garbitzeko 4 pioi kontratatuko ditu udalak. Aldi baterako kontratazioak izango dira, hiru hilabeterako eta lan jardun osoz. Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da diru laguntzen helburua eta horregatik, emakumezkoak, 55 urtetik gorakoak edota RGI deritzona jasotzen dutenak kontratatzea eskatu dio Lanbide zerbitzuak udalari. Egoera horiek kontutan hartuta osatu dira taldekako zerrendak.

  Mendi bideak garbitzeko pioiak abenduan hasiko dira lanean. Auzoetako arekak garbitzeko lanei orduan ekingo die udalak eta orain kontratatuko diren pioiak horretan arituko dira.

Iturria: Oñati Irratia