Mendi bideak eta kaleak garbitzeko udalak kontratatuko dituen 7 langabetuen hautaketa martxan da

2017/11/06
Card image cap
Informatika laguntzaile posturako izen-ematea luzatu egin da

  Udalak, Lanbideren diru laguntzaz, 8 langabetu kontratatuko ditu aldi baterako. Printzipioz, gaur amaitzen zen izena emateko epea baina baldintzak betetzen dituen hautagairik aurkeztu ez denez, informatika laguntzaile lanposturako epea luzatzea erabaki da. Oñatin erroldatuta egotea eta Lanbiden izena emana izatea eskatzen da, gainera, informatika-sistemen eta sareen erdiko mailako lanbide heziketa edo pareko formazioa izan behar da eta euskarari dagokionean, 3. hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza maila. Interesa duenak, izena Lanbideren bitartez eman behar du.

  Bestalde, 3 kale garbitzaile eta mendi bideak garbitzeko 4 pioi ere kontratatuko ditu udalak. Kasu hauetan izen-ematea amaitu da jada eta Lanbidek jaso dituen eskaerak udalaren esku utzi ditu hautaketa prozesua abian jarriz. Mendi bideak garbitzeko pioitarako 21 eskaera jaso dira eta 23 berriz, kale garbitzaile izateko. Lehenik, hautagaiek baldintzak betetzen ote dituzten begiratuko da eta hala bada, elkarrizketa egiteko deituko zaie. Hautaketa prozesua arin egin nahi da, azaroaren 15ean lanean hasi daitezen.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien diru laguntza hauen helburua. Horregatik, Oñatin kontratatuko diren 8 langabetu horietatik gutxienez 3 emakumezkoak izan beharko dira, 2 RGI delakoaren onuradun eta 55 urtetik gorako bat. Guztiak Oñatin erroldatutakoak izan beharko dira. Egun langabezian dauden  pertsona horiek lan jardun osoz eta hiru hilabetetarako kontratatuko dira. Horretarako, udalak, ia 45.000 euroko diru laguntza jasoko du Lanbide enplegu zerbitzutik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!