Martxoaren 8a antolatzeko bilerak deitu ditu Oñatiko Sare Feministak

2019/01/25
Card image cap
Astearte goizean bilera egingo da Lagun Leku elkartean eta arratsaldean Kultur etxean

  Ahalik eta emakume gehien biltzea da helburua eta horregatik, hitzordu bikoitza egin da, bakoitzaren disponibilitatearen arabera, batera edo bestera joan dadin. Izan ere, Martxoaren 8ko aldarrikapen eta ekintzetara ahal den emakume talderik handiena batu nahi baita.

  Emakumeok planto izango da aurten ere martxoaren 8ko mezu nagusia eta iaz egin zen bezala, emakumeek greba egitea lortu nahi da. Iazkoa baino deialdi zabalagoa egin da eta emakumeen greba edo planto hori 24 ordukoa izatea lortu nahi da, bai soldatapeko lanetan, bai ikasketetan nahiz  zaintza eta etxeko lanetan ere. Baina nola egin, aurrez herria nola girotu, eta guztia nola antolatu zehazten hasteko deitu dira astearteko bilerak. Lagun leku elkartearen inguruan talde oso aktiboa osatu zen iaz eta horri jarraipena eman asmoz, bileretako bat bertan, Eltziako Lagun leku elkartean egingo da, 11:00tan hasita. Bertara, auzoko jubilatu eta pentsionistak ez ezik, gainontzeko emakumeak ere gonbidatzen dira. Eta eguneko bigarren hitzordua, Kultur etxean egin da, 18:30tan. Iazko esperientzia jarraituz, martxoaren 8aren inguruko lanketa, herri mailan eta eskualde mailan egin asmo dute bailarako talde feministek.

  Udalak ere hainbat ekintza antolatu ditu martxoaren 8ra begira. Martxoaren 4an Fabricando mujeres dokumental emanaldia eta solasaldia izango dira Santa Ana aretoan, eta proiekzioekin jarraituz, martxoaren 6an eta 13an, Zinegoak jaialdiko hainbat film pantailaratuko dira Kultur etxean. Martxoren 10ean berriz, Bakean dagoena bakean utzi antzezlana taularatuko da Santa Ana aretoan.

  Baina ekintza horiek borobiltzeko beste hainbat antolatu asmo ditu Sare Feministak, eta herritarren ekarpenak jaso eta martxoaren 8rako emakumeak girotu eta aktibatzeko bilera bikoitza deitu da astearterako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!