Martxoan Euskal Herria zeharkatuko duen KORRIKA 19ari ongi etorria egiteko herri batzordeak osatzen hasi dira jada.

2015/01/08
Card image cap
Oñatin, astelehenean egingo da herri batzordea eratzeko lehen bilera.

  Martxoaren 19an Urepelen hasi eta 29an Bilbon amaituko den euskararen aldeko lasterketa berezirako giroketa lana da herri batzordeek bere gain hartzen dutena. 10 egunetan zehar herririk herri eta eskuz esku joango da Korrikaren lekukoa. Oñatitik ere pasako da. Horretxegatik, prestaketa lanetan hastea komeni da.

  Arrasateko AEK arduratuko da aurten ere, Debagoienan herri batzordeak sortu eta hauen lana koordinatzeaz. Bertatik jakinarazi digute Oñatiko Korrika batzordea osatzeko bilera astelehenean, hilaren 12an egingo dela, udalak Bidebarrieta kalean duen “erabilera anitzeko gelan”. Parte hartzeko interesa dutenek, arratsaldeko 6 eta erdietarako bertaratu beharko dute.

  Ikastetxeek eta kultur talde ezberdinek aktiboki parte hartzen dute bi urtean behin egiten diren KORRIKA lasterketak girotzen. Oraingoan ere, beraiei deialdi zuzena egiten zaie baina orokorrean, esan bezala, interesa duten eta ekarpenen bat egin nahi duten herritar guztiei helarazi nahi zaie parte hartzeko gonbidapena.

  Gaur bertan aurkeztu da Donostian KORRIKA KULTURALA. Herri mailan ere, hainbat kultur ekintza antolatzen dira baina aurten zer egin daitekeen erabakiko duen herri batzordea eratu behar da aurretik. Gogoratu, horretarako bilera irekia, astelehenean, hilaren 12an, arratsaldeko 6 eta erdietan, Bidebarrietako erabilera anitzeko gelan egingo dela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!