Markel Olano Diputatu Nagusigai jeltzalea Oñatin izan zen atzo Miren Elgarresta alkategaiarekin, herriko enpresa eta gizarte eragileak bisitatzen.

2015/02/20
Enpresen gizarte funtzioa aldarrikatu zuen.

  Markel Olano, Gipuzkoako herrien errealitate ekonomiko, sozial eta kulturala hurbiletik ezagutzeko ahaleginean, Oñatin izan zen atzo. Bisitaldian, Miren Elgarresta alkategaia izan zuen lagun. Natra, Betik eta Gomiztegin egon ziren eta herriko zenbait egitasmo ekonomiko-sozial ezagutu zituzten bertatik bertara.

  Gipuzkoa eta Oñati lurralde industriala dela azpimarratu zuen diputatu nagusigaiak eta lurraldeak izan duen erreferentzia hori galdu ez dadin lanean jardungo dutela adierazi zuen. Enpresek Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dutela esan zuen, aberastasuna sortzen dutela eta aberastasun hori Gipuzkoan eta Oñatin ahalik eta modurik orekatuenean banatu behar dela.

  Zentzu horretan kritika egin zion Markel Olanok azken legealdi honetan Diputazioaren gobernua izan duen ezker abertzaleari, Gipuzkoako enpresarekiko etena sortzea leporatu zien. Enpresak erortzen badira, gizartea bera ere eroriko dela esan zuen Olanok eta hori gerta ez dadin, elkarlanean eta konfiantzan oinarritutako estrategia lantzea ezinbestekoa dela gaineratu zuen. Euzko Alderdi Jeltzaleak horren aldeko apustua egiten duela azpimarratu zuen. Miren Elgarresta alkategaiak ere, enpresen funtzio soziala aldarrikatu zuen.

  Era berean,  EAJ-PNVko gobernu desberdinek sortutako azpiegiturarik handiena eta ia garrantzitsuena ekarri zuen gogora, gizarte zerbitzuena, hain zuzen. Oñatin lortutako gizarte zerbitzuen maila mantendu eta areagotzearen aldeko apustua egin du Elgarrestak.

Iturria: Oñati irratia

 

Markel Olano eta Miren Elgarresta (goiena.eus)