Marina Ugartek irabazi du “fosilen lehiaketan” zozkatu den Madagaskarreko enborraren fosila.

2013/05/22
Ia 400 lagunek parte hartu dute TXANDAk eta Arrikrutz-ko kobak antolatutako joko berezian.

  Geolo-egunaren inguruan antolatu den ekimen bikoitza amaitu da jada. Dendetako erakusleihotan jarri ziren fosilak jaso dira eta erakusketa hori oinarri zuen jolaseko partaideek beren saria eskuratu dute. Banatu den azken saria, partaide guztien artean zozkatu den Madagaskarreko enbor zati baten fosila izan da. Irabazlea berriz, Marina Ugarte, 6 urteko neskatila. Marinak, beste 362 lagunekin batera, herrian ikusgai zeuden fosilen inguruko galdera sorta zuzen erantzun zuen. Hori eginda, marrazo baten hagin-zintzilikarioa jaso zuen opari eta igandean egin zen zozketan berriz, sari nagusia: fosil bat.

  Hilaren 7tik 18ra egin den fosil erakusketaren inguruko jolaserako 560 eskuorri banatu ziren eta horietatik, 363 partaidek amaitu zuten. Amaitu eta oparia jaso.

  Alde horretatik, balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek eta iaz bezala, eskerrak eman nahi izan dizkiete partaide guztiei, bai jolasean zuzenki parte hartu dutenei eta baita ere, eskaparateetara hurbildu eta fosilak ikusi eta ondoko argibide orriak irakurri dituztenei. Ikasteko bide ezberdinak daudela frogatu da beste behin batez.

  Urretxuko URRELUR museoarekin elkar lanean gauzatu den erakusketa izan da bigarren urtez jarraian TXANDAk eta Arrikruzko kobak egin dutena. Iaz, mineral erakusketa egin zen eta aurten berriz, fosilena.

  TXANDAko kide diren 34 establezimendutan, Arrikruzko koban eta turismo bulegoan, fosil bana ikusgai izan da bi astez. Erakusketa, ofizialki, zapatuan amaitu zen baina fosilak, astelehenera arte eskaparateetan ikusgai izan ditugu.

Iturria: Oñati irratia