Mankomunitateak, Oñati, Bergara eta Leintz Gatzagan egokituko diren ekarpen eta larrialdi guneetan eta mini-guneetan sarbideak kontrolatzeko elementuak hornitu eta instalatzeko lizitazio deialdia argitaratu du.

2013/03/12
Orain hilabete inguru, aipatu ekarpen eta larrialdi guneak eraikitzeko lanen deialdia egin zen. Orain, urrats berri bat emanez, hauetarako sarbidea kontrolatzeko elementuak eskuratu nahi ditu Mankomunitateak.

  Oñatin 3 ekarpen gune eta 2 larrialdi gune egokituko dira. Larrialdi guneak San Lorentzo inguruan eta Garagaltzan kokatuko dira. Hondakin gaiak batze eguna baino lehen ateratzeko beharra duten herritarrek erabili ahal izango dituzte, baina aurrez, horren berri udalari emanda.

  Ekarpen guneak berriz, landa auzoetako biztanleentzat izango dira. Inguru hauetan hondakinen bilketa atez ate egingo ez denez, auzotarrak eurak arduratu beharko dute organikoa, papera edota ontziak ekarpen guneetara eraman eta uzteaz. Halako 3 egingo dira: Garagaltzan, Olabarrietan eta Torreauzon. Baina ekarpen gune nagusi horiezaz gain, dozena bat mini-gune ere egokituko dira, Madalena inguruan, Arantzazurako bidean eta ekarpen guneetatik aparte xamar geratzen diren beste auzo inguru batzuetan. Mini-gune hauek xinpleagoak izango dira, zorua estaliko duten  loseta batzuen gainean edukiontziak jarriko dira erabiltzaileek, giltza edo txip bidez ireki ditzaten.

  Eta sarbide horiek kontrolatzeko elementuak hornitu eta instalatuko dituen enpresa kontratatu nahi da. Deialdia Gipuzkoako aldizkari Ofizialean gaur bertan argitaratu da.  Lanak, gehienera 42.000 euro gehi BEZaren truke egingo dira. Hori da behintzat, lizitazio deialdian finkatu den gehienezko aurrekontua. Enpresek beraz, gehienezko prezio horren azpiko eskaintzak aurkeztu beharko dituzte. 

  Proposamenak aurkezteko epea martxoaren 27ra arte luzatuko da. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!