Oñatiko udala

Mankomunitateak eskualdeko gazte langabeei zuzendutako bi proiektu martxan jarriko ditu, Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz

2016/10/19
Card image cap
Parte hartzeko izen-emateak zabalik daude bietan

  HAZILAN, gazte kualifikatuentzat laneratze proiektuaren bigarren edizioa eta Txertatu merkatuan, ikasketa gabeko gazte langabeei zuzendutakoa dira Debagoieneko Mankomunitateak datozen asteetan abiatuko dituen bi proiektuak. 

  HAZILAN egitasmoa 35 urte bitarteko goi mailako titulatuei zuzenduta dago. Proiektuaren helburua, lan esperientzia urria duten titulatu kualifikatuak eta enpresak harremanetan jartzea da. Proiektu integrala da eta goi mailako titulatuen formazioa osatu, enpresen beharrak identifikatu eta enpresetan praktikak eginez lanpostu batean trebatzeko aukera biltzen du bere baitan. Horretarako, alde batetik, enpresa beharrizanak eta proiektuak garatu nahi dituzten eskualdeko enpresak identifikatzen dira eta bestetik, gazte kualifikatuak prestatzen dira konpetentzia profesional eta pertsonaletan.

  Udaberrian, HAZILAN proiektuaren lehen edizioa gauzatu zen eta orain, bigarrenerako deialdia kaleratu du Mankomunitateak. Debagoieneko herriren batean erroldatuta dauden 35 urte bitarteko goi mailako titulatuek parte hartu dezakete; gradu, master, diplomatura, lizentziatura edota goi mailako lanbide heziketako titulua dutenek. Langabezian egon eta Lanbiden izena emanda izatea eskatzen da eta ikasketa alorrarekin lotutako esperientzia esanguratsurik ez izatea. Plazak mugatuak dira. Gehienez, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute deialdi bakoitzean. Partaideak aukeratzeko, enpresetan identifikatu diren proiektuak gauzatzeko eskakizunetara hobekien egokitzen den titulazioa eta formazio espezifikoa izatea eta bakoitzarekin egingo den elkarrizketa baloratuko dira. HAZILAN proiektuan parte hartzeko izen-ematea ostiralean amaitzen da. Ostiralean bertan, enpresei zuzendutako informazio jardunaldia egingo da proiektuak garatu edo praktikak egiteko gazte kualifikatuak behar dituzten eskualdeko enpresak identifikatzeko.

  Eta berean, eta kualifikaziorik ez duten 16 eta 30 urte bitarteko eskualdeko gazteei zuzenduta, Txertatu merkatuan egitasmoa ere abian jarriko du Mankomunitateak. Lau hilabeteko egitasmoa da eta talde nahiz banakako saioak, laneratze tailerrak, prestakuntza teknikoa eta praktikaldia uztatuko ditu. Eguneroko jardueretan lan-konpetentziak identifikatu eta hainbat gaitasun lantzeko saioak egingo dira. Hala, egokitzeko lehen fasearen ondoren, lan profila zehaztu, harremanak sendotu eta lankidetzan oinarritutako sinergiak landu eta errekonozimendu sozialerako bitartekoak jarriko dira bi hilabetez luzatuko den bigarren fasean. Hirugarrena berriz, konpetentzia teknikoetako prestakuntzarena izango da. Azken fase honen helburua, jakintza teknikoa eskuratzea da, produkzio-sarearen eskarien araberako egiazko laneratze-aukerak izateko. Partaideek, 100 ordu inguruko prestakuntza teknikoa jasoko dute lehenik eta prestakuntzarekin lotutako praktikaldia egiteko aukera izango dute ondoren.

  Txertatu merkatuan egitasmoa, kualifikaziorik gabeko Debagoienako gazte langabetuei zuzenduta dago.  DBH tituludun nahiz titulu gabeko gazteei laneratze eta ondorioz, gizarteratzeko bidean lagundu nahi zaie. Eskaintza, Debagoieneko 16 eta 30 urte bitarteko gazte langabetuentzat da, gehienez, erdi-mailako ziklo bat dutenentzat. Izen ematea zabalik dago urriaren 27ra arte.

  Bai HAZILAN nahiz Txertatu merkatuan egitasmoei buruzko informazio gehiago nahi dutenek, Mankomunitateko Garapen Agentziara zuzendu daitezke: 943.793090 telefono zenbakira deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!