Makinaria berria erosiz eta langile gehiago jarrita kale garbiketa zerbitzua egungo beharretara egokitu eta hobetuko du FCC enpresak.

2013/10/30
Horren truke udalak 2015era arte luzatuko du FCC-rekin duen kontratua.

  Oñatiko kale eta auzoen garbiketa zerbitzuari dagokion egungo kontratua 1998an sinatu zuen udalak FCC Medio Ambiente enpresarekin. Hasieran, 10 urtetarako sinatu zen kontratua, aldeak ados egonez gero, 10 urteko epetan luzatu daiteke, gehienez ere, 50 urtera arte.

  Azkenaldi honetan dena den, zerbitzuaren kalitatea ez da egokiena izan. Kalea garbitzeko makinaren etenaldiak ugariak izan dira eta udalerria bera ere geroz eta handiagoa denez, bitarteko material eta pertsonal gehiagoren beharra agerian geratu da.

  Udalak, FCC enpresari espedientea ireki zion eta gaia bideratzeko asmoz, arduradunekin bildu zen dauden gabeziak aztertu eta betetzeko. Hala, makinaria berria ekarri eta langile gehiago jartzea erabaki da.

  Aurrerantzean, garbiketa maiztasuna handitu egingo da, erdigunea egunero, auzoak astean hirutan eta industrialdeak hilean behin garbituz. Araotz eta Arantzazuko zakarrontziak husteko ardura izango dute eta auzo eta industrialdeak kale-garbiketa makinaz garbituko dira. Fatxaden garbiketa bestalde, 10 lanaldiko egingo da, ura eta hondardun makinak erabiliz. Asteburuetako zerbitzua ere hobetuko da. Zapatutan, merkatuko hondakinak jaso eta ingurua garbituko da eta igande eta jai egunetan kaleak, makinaz, urez nahiz eskuz garbituko dira, hiru langile eta erdi arituko direlarik.

  Makinariari dagokionean, kalea garbitzeko makina berri bat, neguan elurra kendu eta gatza zabaltzeko ere erabili ahal izango den pick up bat, bi porter eta 6 haizagailu erosiko dira. Egokitze eta berrikuntza horien truke udalak, urtean, 473 mila euro gehi BEZa ordainduko dio FCC enpresari. Hau da, orain arte ordaintzen zuena bano %13 gehiago.

  Udal gobernu taldeak baldintza berriak onartuta, bi urteko kontratua egitea erabaki du, 2015. urte bukaerara arte. Udala zerbitzu berriarekin ados egonez gero beste 3 urtez luzatuko da.

Iturria: Oñati irratia