Maider Arregiren partaidetzarekin eta Oñatin hasiko da Gipuzkoako bertsolari txapelketa

2019/07/17
Card image cap
Irailaren 14an Santa Ana aretoan izango da final-zortzirenetako lehen saioa

  Irailaren 14tik abenduaren 14ra bitartean jokatuko da Gipuzkoako bertsolari txapelketa. Guztira 16 saio izango dira, 7 final-zortziren, 5 final-laurden, 3 finalaurreko eta finala. Finala, Illunben,  Donostia Arenan izango da baina txapelketa hasi, Oñatin hasiko da, irailaren 14an. Lehen final-zortziren horretan gainera, txapelketarako sailkatu den oñatiar bakarrak kantatuko du, Maider Arregik. Santa Ana aretoan jokatuko den lehen saio horretan, Felix Zubiak, Aratz Igartzabalek, Haritz Mujikak, Andoni Mujikak eta Amaia Iturriotzek ere kantatuko dute.

  Joan den maiatzean jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean 34 bertsolarik eskuratu zuten Gipuzkoako txapelketan aritzeko txartela. Horiei, aurrez txartela bereganatuta zuten 14 bertsolari batuko zaizkie txapelketako fase ezberdinetan. 14 bertsolari horiek orain lau urteko txapelketan finalaurrekoetara iritsiz eskuratu zuten aurten berriro lehiatzeko aukera.

  Irailaren 14tik urriaren 5era jokatuko diren final-zortzirenak Oñatin, Amasa-Villabonan, Ordizian, Zumaian, Zumarragan, Elgoibarren eta Lasarte-Orian izango dira. Saio bakoitzeko lehengo sailkatua final-laurdenetara pasako da zuzenean, puntuazio altuena lortzen duten beste 17 lagunekin batera. Final-laurdenak urriaren 19tik azaroaren 2ra jokatuko dira. Txapelketa Debagoienera  finalaurrekoetan itzuliko da, lehen final aurrekoa Arrasateko Uharkape frontoian izango baita azaroaren 17an. Finala berriz, Donostiako Illunben abenduaren 14an.

  Gipuzkoako bertsolari txapelketa honetan izango diren 16 saioetarako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Saioen egunetan ere eskuratzeko aukera izango da aretoetan bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!