Maider Arregik eskuratu du Dizdaitte bertso sariketako finalerako lehenengo txartela

2020/02/10
Card image cap
Larunbatean jokatu zen kanporaketa irabazi zuen

  Pako tabernan jokatu zen lehen kanporaketan, Maider Arregirekin batera, Jokin Bergara, Eli Pagola, Peru Abarrategi, Joanes Illarregi eta Aitor Tatiegi aritu ziren bertsotan. Bakoitzak, 13 bertso puntuagarri kantatu behar izan zituen: hasierako eta amaiera agurrez gain: zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian, hiruna bertso eta bakarkako ariketetan, bi punturi erantzun eta bakarkako bina bertso osatu.

  Maider Arregik lortu zituen puntu gehien eta finalerako zuzeneko txartela. Bere atzetik sailkatu ziren: Eli Pagola 279 punturekin; Joanes Illarregi 271,5 punturekin; Jokin Bergara 268 punturekin; Peru Abarrategi 263 punturekin eta Aitor Tatiegi 261 punturekin.

  Dizdaitte sariketako bi kanporaketetako irabazleekin batera, orokorrean puntu gehien lortzen duten beste lau bertsolariak sailkatuko dira finalera. Finala, hilaren 29an Antixena gaztetxean jokatuko da. Baina aurretik, zapatu honetan bertan, bigarren kanporaketa izango da Ikatz tabernan, 17:30tan. Beste sei bertsolarik hartuko dute parte: Maite Sarasola, Ane Zuazubizkar, Txaber Altube, Oihana Arana, Maddi Ane Txoperena eta Urko Arregi.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!