Maider Arregik entzuleen saria eskuratu zuen 46. Osinalde sariketan

2017/04/24
Unai Mendizabalek lortu zuen txapela larunbatean Gabirian jokatu zen bertso saioan

  Osinalde saria bertsolari gazteei zuzendutako sariketa da. Larunbatean  jokatu zen 46.a Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi zuen eta Maider Arregi oñatiarra bigarren sailkatu zen. Bertsorik onenaren saria, berriz, Maialen Akizuri eman zioten.

  Elkartea gainezka zela saio borobila egin zuten Aztiri, Argi berri eta Osinberde sariketetatik sailkatutako sei bertsolariek: Mendizabal, Arregi eta Akizuz gain, Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal eta Jon Gurrutxagak. Maila bertsuan ibili ziren denak eta bertso-saioa oso ona izan zen entzule askoren iritziz.

  Bi epai mahai izaten dira Osinalde sarian, txapela ematen duen epai mahai nagusia eta entzuleena. Biak bat etorri ziren larunbatean eta entzuleen botoek ere Mendizabal jo zuten saioko bertsolari onentzat. Baina Gabirian bertsolari bakoitzari sari bakarra emateko ohitura dagoenez, entzulearen saria bigarren sailkatuari, Maider Arregi oñatiarrari eman zioten.

  Aipagarria da zapatuan jokatu zen Osinalde sariketa iazkoaren kasik kopia izan zela partaideei dagokienean, Aratz Igartzabal gabiriarra izan baitzen debutari bakarra, beste bostak, iaz ere finalista izan ziren.

Iturria: Oñati Irratia

46. Osinalde sariketa