Oñatiko udala

Luzatu egin da herrigunea eta industrialdeetako argiztapena hobetu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lanetarako proposamenak aurkezteko epea.

2012/11/20
Oinarri teknikoekiko jaso den alegazioa kontutan hartu du kontratazio mahaiak eta epea 7 egunez luzatzea erabaki da.

  Eskaintzak aurkezteko epe berria, dena den, iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratzen denetik kontatuko da.

  Orain bi aste aurreratu bezala, udalak, herrigunean eta industrialdeetan, errendimendu txikia eta argi kutsadura handia eragiten duten kasik 500 argi aldatuko ditu. LED teknologiadun argi berriak jarriko dira eta hauek kontrolatzeko aukera ematen duen sistema adimenduna instalatuko da. Leku estrategikoetan hainbat detektagailu jarriko dira eta auto edo pertsona baten mugimenduaren arabera, argiek, gehiago edo gutxiago argituko dute. Eguraldi eta urte sasoiaren arabera baita ere, argiak lehenago edo beranduago ixutu eta itxungiko dira, egun bakoitzak duen argi intentsitatera egokituz.

  Aldatu asmo diren argi gehienak, herri guneko kale eta auzunetan barreiatuta daude, kasik 400. Beste 76 Osinurdin, Fanderia eta Berezaoko industrialdeetan jarriko dira. Errendimentu txikia baina aldi berean, kutsadura luminiko handia eragiten duten argi puntuak aldatuko dira.

  Herriko argiztapena hobetzeko lan hauek aurrekontu handia dute: 426 mila euro gehi BEZa. Baina sistema berriak gutxienez, % 70ko aurrezpena eragitea espero da. Aurrezpena, argindar kontsumo murriztuko delako eta instalazioak ere mantentze kostu txikiagoa duelako. LED teknologiako argiek biziraupen luzeagoa dute eta argi fluxua erregulatzeko aukera ematen dutenez, energetikoki ere eraginkorragoak dira. Gainera, egungo  argiek baino argiztapen kalitate hobea dute.

  Lan hauek egiteko beharrezkoa den inbertsioaren zati bat Energiarako Euskal Erakundearen diru laguntzaz estaltzea espero du udalak. EVEk inbertsioaren % 40ra arteko diru laguntza eman dezake.

  Bestela, lizitazioan parte hartzen duten enpresek ere, hasierako aurrekontua murriztu dezakete, esleipenerako irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango baita. Ondorioz, lana eskuratu nahi duenak, proposamen ekonomikoa doitu edo ajustatu beharko du.

  Asko dira lan hauek egiteko interesa agertu duten enpresak. Gaur bertan, horietako batzuk beren proposamena bidaltzen zutela jakinarazi dute udal bulegoetan. Baina epea luzatzen zela esan zaie.
Izan ere, udalak publikatu zituen baldintza teknikoekiko alegazio bat jaso baitzen. Gaia, atzo aztertu zuen kontratazio mahaiak eta alegazioa ontzat emanda proposamenak egiteko epea luzatzea erabaki zen. Argiteriaren arloan diharduten enpresek beste 7 egun natural izango dituzte euren eskaintzak udal bulegoetan presentatzeko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!