Luzatu egin da adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak zaintzeko formazio ikastaroan parte hartu ahal izateko izen emate epea.

2014/04/30
Ikastaroaren hasiera astebetez atzeratu dela aprobetxatu da jende gehiagori izena emateko aukera eskaintzeko.

  Dagoeneko, 30 lagunek eman dute izena Udalak antolatu duen “zaintza eta etxeko lanak” izeneko ikastaro honetan. Beraz, bi talde osatzeko nahikoa lagun badaude. Baina sektorean lan egiteko laster profesional ziurtagiria beharko denez, hori eskuratzeko aukera emango duen ikastaroa egiteko bidea zabaltzea erabaki da. Izena emateko epea astebetez, maiatzaren 9ra arte luzatu da. Interesatuek, izena, Udaleko enplegu zerbitzuan eman behar dute. 

  “Zaintza eta etxeko lanak” ikastaroan halako jardunak biltzen dituen esparru ezberdinak jorratuko dira: etxeko garbiketa, sukaldaritza, zaintzen den pertsonaren higiene, elikadura, mobilizazioa eta jantzi eta erropen garbiketa, plantxa edo oinarrizko joskintza, besteak beste. 120 orduko ikastaroa izango da eta astelehenetik ostiralera, arratsaldez, 3etatik 7etara emango da. Kurtsoa, Arrasateko Bastida akademian emango da. Ikasleei bidaia gastuak  ordainduko zaizkie. Ikastaroa, maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 20an amaituko da.

  Ikastaroaren helburua, zaintza eta etxeko lanetan aritzeko laster derrigorrezkoa izango den profesional ziurtagiria eskuratzea da. Horregatik ikastaroa, langabetu nahiz sektorean diharduten langileei zuzenduta dago.

  Dagoeneko izena 30 lagunek eman dutenez  bi talde osatuko dira izan emate ordena jarraituz. Lehenek, ikastaroa orain egingo dute, maiatza eta ekaina artean esan bezala eta gainontzekoek udazkenean. Bigarren ikastaro hori antolatzeko tramiteak  LANBIDE zerbitzuarekin elkar-lanean bideratzen ari dira.

  Gogoratu, “zaintza eta etxeko lanak” ikastaroan izena emateko epea maiatzaren 9ra arte luzatu dela. Parte hartzeko interesa duenak, Bidebarrieta kaleko 12an enplegu zerbitzuak dituen bulegoetatik pasa behar du edo bertara telefonoz deitu: 943 03 77 00 da zenbakia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!