Lurrazpiko kamera bat erosiko du udalak euri uren sarea nola dagoen ikusi ahal izateko

2018/02/14
Boroskopioak 7000 euroko aurrekontua du

  Euri uren sarearen ardura udalarena da eta mantentze-lanak kale-garbiketa zerbitzuak egiten ditu. Euri urak biltzen dituen hodiren bat ixten denean, ura presioan botatzen duen makinaz irekitzen saiatzen dira baina itsu-itsuan aritzen dira, alegia, hodia ixten duen arrazoia zein den jakin gabe. Batzuetan hondakin pilaketak ixten du hodia baina gertatu izan da hodia bera apurtuta edo zapalduta egotea. 

  Arazoa larria denean, eta ura presioan botaz hodia ireki ezin izan denean, zulatu beharra izan dute brigadako langileek. Baina orduan ere non ireki eta bertan zer aurkituko ote duten aritzen dira. Hondeamakinarekin zulatu aurretik hodia nola dagoen eta non itxi den jakitea egokia litzateke, lana arinago eta efektiboagoa izateko. Baina udalak halako kamera berezirik ez duenez, beste udalen bati edo arloko profesionalen bati eskatu izan dio. Iaz, esaterako, hiruzpalau aldiz eskatu zen.

  Halako lanetarako, eta suertatu daitezken beste batzuetarako, lurrazpiko kamera bat erostea proposatu zuen Zerbitzuak departementuak eta hala onartu berri du gobernu taldeak. Erosiko den kamerak ezaugarri bereziak ditu:  40 milimetroko diametroa duen kamera-blokea da, autonibelatzailea, eta 110-300 milimetroko hodia ikuskatzeko aukera ematen du. Urarekiko estankoa da eta 36 led ditu ikuskatzen duen ingurua behar bezala argiztatzeko. Grabatutako irudi eta bideoen zuzeneko transmisioa egiten du, besteak beste. Kamera-blokea, eskuko kamera txikia, mini modulua, ipad bat eta hainbat osagarri dituen pakete berezia erosiko da 7000 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia