"Lurralde burujabeak: ekonomia soziala eta lurraldea" izeneko jardunaldia osatuko du KoopFabrikak Arantzazun, ostiralean

2019/02/26
Herrigintza ekonomikoa herri, eskualde eta Euskal Herria mailan landuko da

  KoopFabrikak antolatuta, Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ekonomia soziala eta lurraldearen inguruko saioa egingo da ostiral goizean, Gandiaga topagunean. Herrigintza ekonomikoa hiru eskalatan jorratuko da eta herri, eskualde eta Euskal Herri mailako esperientzia kooperatiboak azaldu eta partekatuko dira.

  Ongi etorria eta sarrerako hitzak egin ondoren, Mikel Biain Oñatiko alkateak berba egingo du. Ekonomia soziala Oñatin eta etorkizuneko bideak izeneko hitzaldia eskainiko du. KoopFabrika da ostiraleko lan-saioaren antolatzaile eta erakundea zer den azaltzeko ere baliatuko da. Hala, Arianne Kareagak KoopFabrika zer den, nola lan egiten duten eta orain arte izan dituen emaitzez argibideak emango ditu. Ondoren, herri, eskualde eta Euskal Herria mailako kooperatibismo eta proiektu komunitario esperientzia ezberdinak azalduko dira. Herri mailakoetan, Udalbiltza, eta Iruñea eta Hendaiako udalen esperientziak azalduko dira. Eskualde mailakoetan berriz, Debagoiena eta Aiaraldekoak eta Euskal Herri mailakoetan azkenik, Mondragon taldearen Eskualdeak eta eraldaketa soziala egitasmoa azalduko da eta Olatukoop esperientzia ere ezagutaraziko da. 

  Lurralde burujabeak: ekonomia soziala eta lurraldea izaneko jardunaldi hau, 9:00tatik 14:00tara luzatuko da. Baina nahi dutenentzat Arantzazun bisita gidatua ere antolatu da, bazkalosterako. Jardunaldia doan izango da baina izena eman behar da, interesatuek www.koopfabrika.eus atariaren bitartez egin behar dute.

  KoopFabrika, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da. 2017an lehen aldiz abian jarri zenetik 30 proiektutik gora sustatu dira.  Ekintzailetza sozial kooperatiboak ekintzailetza eredu desberdina jartzen du erdigunean, hau da, proiektuaren bideragarritasunaz gain bizigarritasuna ere kontuan hartzen du.

Iturria: Oñati Irratia