Ludoteka eta Txipistin programa kudeatzeko zerbitzua lizitaziora atera du Udalak

2020/05/19
Udaleku irekien koordinazioa udal langileek egingo dute aurrerantzean

  Hori da 2017 egin zen azken esleipenarekiko aldaketa nagusia. Orduan, Txaloka udal ludoteka, Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren zerbitzua eta Udaleku irekien koordinazioa zerbitzua pakete berean esleitu ziren. Orain berriz, Udaleku irekien koordinazio zerbitzua udal langileen bitartez gauzatzea erabaki du Gobernu taldeak eta ondorioz, Ludoteka eta Txipistin zerbitzuak dira lizitaziora atera direnak, Oñatiko haurren balio anitzeko hainbat zerbitzu izenburupean. 

  Txaloka ludoteka 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta heziketa proiektu baten laguntzaz eta denbora librean ekintza ludikoen bitartez, haurren garapen sozial, afektibo eta kognitiboan laguntzea da helburua. Bertakotze programa 5-16 urte bitarteko haur eta nerabe etorkinei zuzendutako zerbitzua da. Azken helburua, Oñatira etorritako neska-mutilak ahalik eta eperik laburrenean integratzea da.

  Kontratatzen den enpresak bi zerbitzuen planifikazioa, komunikazioa eta ebaluazioa egin beharko du zuzeneko arreta eskaintzeko pertsonala jartzearekin batera. Ludotekan bi hezitzaile eta Txipistin bertakotze programan hiru hezitzaile jartzea eskatzen du Udalak. Horrezaz gain, udalarekin harremanetarako arduradun bat ere izendatu beharko da.

  Oñatiko haurren balio anitzeko bi zerbitzu hauen lizitaziorako finkatu den gehienezko prezioa 155.000 euro da. Enpresek, gehienezko prezio horren azpiko eskaintzak egin beharko dituzte. Proposamenak baloratzerakoan eskaintza ekonomikoak 51 puntu eskuratzeko aukera emango du eta eman beharreko zerbitzuaren memoria proiektuak berriz, 49 puntu.

  Udalak, haur eta gazteei zuzendutako bi zerbitzu hauek eskainiko dituen enpresarekin urtebeterako kontratua sinatuko du hasieran baina beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Interesa duten enpresek gaiaren inguruko informazioa udaleko web atarian topatuko dute. Eskaintzak aurkezteko epea berriz, ekainaren 1ean amaituko da.

  Txatxilipurdi elkarteak eskaini ditu azken urte hauetan, Txaloka udal ludoteka eta Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren zerbitzua. Baina kontratua otsailean bete zen eta abuztu amaierara arte luzatu zuen Udalak, kontratu berria, ikasturtearekin batera hasteko helburuz. Lizitazio berria irailerako egitea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia