Oñatiko udala

Lope Agirre, oinezkoen kale bihurtu da.

2014/04/02
Bizilagunekin batera hartu den erabakia da eta bertara autoz, kalean garajea dutenak bakarrik sartu daitezke.

  Gainera, autoen sarrera hori ere aldatu egin da eta Santa Marina aldetik sartu eta irten beharko da, kalearen barrenean, pasabidea ixten duten bi zutabe jarri baitira.

  Osatu berri den Mugikortasun Planaren baitan hartu den lehenetariko erabakia da Lope Agirre kalea oinezkoentzat soilik bihurtzea. Horrela, Santa Marina, Moiua eta Errekaldeko bizilagunen zentrorako ibilbidea seguruagoa egin nahi da. Gainera, bertako bizilagunek urteetan azaldu dituzten kexei erantzuten zaie, autoen joan etorria bertatik atereaz. Astelehenaz geroztik indarrean den erabakia, Lope Agirre kaleko bizilagunen adostasunarekin hartu du udalak.

  Oraingoz, kalean ez da bestelako lanik egingo. Datorren urtera begira, dagoeneko oinezkoentzat den kalea, plataforma bakarreko kale bihurtzea aztertuko dela jakinarazi da udaletik.

  INTRA enpresaren gidaritzapean egin den Oñatiko Mugikortasun Iraunkorrerako Planean, herriaren antolaketa oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanez egingo zela jaso da. Era berean, planaren helburua, egun egiten ditugun desplazamenduen banaketa iraultzea da, alegia, garraio pribatua erabiliz une honetan ugarienak diren desplazamentu horiek murriztu eta oinez edo bizikleta bidezko desplazamentuak gehitzea.

  Mugikortasun planaren izen osoak adierazten duen bezala, egitasmoaren helburu nagusia mugikortasun iraunkorra, segurua, zuzena eta eraginkorraren kultura sustatzea da. Horretarako oinezkoen espazioak eta hauen segurtasuna handitu behar da, oinezko desplazamenduak egitera animatu gaitezen. Arlo honetan kokatzen da Lope Agirre kalea oinezkoentzat gune bihurtzeko erabakia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!