Logotipo berriak ditu Txantxiku ikastolak

2016/10/27
Card image cap
50. urteurrena islatzen duen irudi berezia erabiliko da aurten eta datorren ikasturtetik aurrera, hosto baten gainean marraztutako txantxikuaren oina duena

  Txantxiku ikastolak izango duen hirugarren logotipoa aurkeztu zen atzo arratsaldean. Orain arte erabili dena, 1992-93 ikasturtetik zetorren eta ikastolako arduradunek, irudia eta tipografia modernizatu eta garai berrietara, eta ikastolaren asmo berrietara, egokitzeko garaia zela erabaki dute. 2016-17 ikasturtea berezia da gainera ikastolarentzat: 50. urteurreneko ikasturtea da, konfiantzaren pedagogian oinarritutako IXUTU proiektua abian jarri duten ikasturtea eta amaieran, Kilometroak jaia Oñatira ekarriko duena ere bai. Guzti hori islatu nahi izan da atzo aurkeztu ziren bi logotipotan. Izan ere, aurten, 50. urteurrena islatzen duen irudi berezia erabiliko dute eta datorren ikasturtetik aurrera, hosto baten gainean marraztutako txantxikuaren oina duena.

  Txantxikua estuki lotuta egon da ikastolara eta ez bakarrik izena ere halakoa duelako. Orain arte erabili den logotipoan koloretako hiru txantxiku irudikatzen ziren. Logotipo berrian ere, hiru hatzeko txantxiku oina izango da irudi nagusia. Horrela islatu nahi izan da ikastolak bere proiektuaren baitan biltzen dituen hiru etapak. Txantxikuaren oina hosto berde baten gainean dago eta natura, organikotasunarekin batasuna adierazi nahi da horrela. Irudiari laguntzen dion tipografia ere berritu da. Bi aldaketa nabarmen egin dira: letra tipoa modernizatu da eta korronte berriak jarraituz, letra xehez idatzita dago.

   Ikasturte honetan erabiliko den logoa 50. urteurrenerako propio sortu da. Aurrekoa du oinarri eta ikastolaren urrezko ezteiak gogoan, urre koloreko 50 zenbakia dauka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!