Liztor beltzen habi berriak lokalizatzeko herritarren laguntza eskatu da

2016/05/27
Card image cap
Tenis pilota tamainako habi berririk ikusi ezkero, Udaltzaingoan abisua ematea eskatzen da

  Maiatzak aurrera egin ahala, negua lur azpian pasa duten liztor beltzen erreginak irten eta habi berriak sortzen hasi dira. Zaila da liztor habi berriak topatzea, garai honetan txikiak direlako. Baina oso garrantzitsua da handitu aurretik lokalizatu eta deuseztea. Kontu egin behar da, hasierako habi bakoitzeko 200 erregina inguru sortzen direla. Horregatik, hasten ari den habia suntsituta, lana biderkatuko luketen 200 erregina suntsitzen dira.

  Liztor beltzaren habi berriak, tenis pilota tamainakoak izan ohi dira urte sasoi honetan. Zuhaitz adarretan, teilatu zoko eta antzerakoetan egiten dituzte. Habia egin bitartean gainera, liztorren joan etorria handia izaten da. Halakorik ikusi edo antzeman ezkero, edota liztorra edo erlea ote den zalantza izanez gero abisua udaltzaingoan ematea eskatzen da. Udaltzainak arduratuko dira abisua egiaztatu, habia martxan ote den ikusi eta erlea edo liztorrarena den ziurtatzeaz. Erlearena bada, utzi egingo da, baldin eta leku arriskutsuan ez badago, eta liztorra bada, kentzeko bitartekoak jarriko dira.

  Negu partean, arbolek hostoak galdu dituztenean, agerian geratzen dira liztor beltzak egindako habi handiak. Horiek hutsik egoten dira eta erregina berriak ez dira itzultzen. Baina garrantzitsua da halakorik ikusiz gero ere jakinaraztea. Aurreko udan bertan sortu diren erreginak inguruan, lur azpian gordetzen direlako eguraldi epelaren zain. Irten aurretik, edo irten orduko lokalizatuz gero, habi berriak sortzen hastea saihestuko da.

  Liztor beltzak maiatzetik urria-azarora bitartean egon ohi dira kanpoan. Tarte horretan habirik ikusiz gero edo halakoren susmorik izanez gero, Udaltzaingoan jakinaraztea eskatzen da, hauek arduratzen baitira, habi horiek deusezteko protokoloa martxan jartzeaz.

  Oñatin lehen liztor beltzak edo Asiako liztor moduan ere ezagutzen direnak 2011. urte inguruan harrapatu ziren. Orduz geroztik asko zabaldu dira nahiz eta akabatzeko saio ugari egin diren. Kanpotik etorritako espeziea izaki, bertan ez du etsai naturalik eta ondorioz, neurriz kanpo zabaltzen ari da. Gainera, bertako erlea erasotzen du kalte handia eragiten. Liztor beltzak bertako erleak jaten ditu eta bere presentzia handia denean erlauntzetako bizitza blokeatu egiten du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!