Liztor Beltzaren habiak asko ugaldu dira aurten gurean.

2014/10/27
Iaz 8bat kendu zituen udaltzaingoak eta aurten jada, 20-25en berri izan du. Liztor Beltzaren habiak kentzeko zerbitzua kontratatu du udalak.

  Liztor Beltzaren presentzia handituz zihoala ikusita, Foru Aldundiak, hauen habiak suntsitzeko protokolo berriak zehaztu zuen udaberrian. Ordura arte suhiltzaileak arduratzen ziren liztorrak hil eta habiak kentzeaz. Protokolo berrian ordea, ardura, udalen esku uzten da.

  Liztor Beltzaren habiak daudenaren abisuak udaltzaingoan jasotzen dira orain eta habien kokapena ikusi eta herritarrentzat izan dezaken arriskua baloratuta, hartarako kontratatu den enpresari edo suhiltzaileei jakinarazten zaie. Abisu larriak, hau da, herri barruan eta jendez inguratutako gunetan dauden habien abisuak, suhiltzaileei jakinarazten zaizkie. Halako larritasunik ez dagoen kasuetan berriz, udalak hartarako propio kontratatu duen enpresari jakinarazten zaio.

  Behin abisua jasota, adituak iluntzean edo goizeko lehen ordutan joaten dira habia dagoen lekura eta liztorrak akabatzeko produktu berezi bat botatzen dute, habiak dituen zuloak ixtearekin batera. Eguneko lehen edo azken ordutan, liztorrak habian daudela aprobetxatzen da hilgarria duten produktu hori botatzeko. Eta irtenbide guztiak tapatzen direnez ez dute ihesbiderik. Hori egin eta astebetera edo, habia guztiz deuseztatu dela ikusten da eta dagoen lekuaren arabera kendu egiten da.

  Asko ugaldu eta zabaldu da liztor beltza gurean. Iaz 8bat kendu zituen udaltzaingoak eta aurten jada halakoren 20-25en berri jaso du.

  Liztor beltza jatorriz asiarra da baina Europara orain 10 bat urte iritsi zen, habia itsasontzian eginda hau Frantzia hegoaldeko portu batera ailegatu zenean. Liztor beltza bereziki kaltegarria da bertako erleentzat.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Suhiltzaileak habi bat kentzen (2013;Oñatiko Udala)