Letraz taldeak, Urrezko Letra saria eskuratu du EHUko Zientzia Asterako egindako lanagatik

2020/02/20
Card image cap
Leire Fernandez oñatiarra Letraz diseinu taldeko partaide da

  Ekintza baten promoziorako egindako irudiaren erabilera sailean jasoko du Letraz diseinua taldeak Urrezko Letra 2019 nazioarteko saria. Berria orain zabaldu den arren, sari banaketa ekitaldia, martxoaren 12an egingo da Bartzelonan.

  Iazko azaroaren 6tik 10era Zientzia Astea ospatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak eta horren baitan Ilusioa eta Zientzia ekitaldia promozionatzeko lana egin zuen Letraz taldeak. Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn ekitaldiaren helburua ilusio optiko eta akustikoen mundu miresgarria modu interaktibo, jostagarri eta bisualean ezagutzera ematea zen. Eta ilusio optiko hori EHUko Bizkaia aretora eta hurbil dagoen Abandoko metro geltokira eraman zuen Letraz diseinu taldeak. Guztiz birziklagarriak ziren tamaina handiko panel eta biniloak landu zituzten, aretoa eta metro geltokia apaindu, Ilusioa eta zientzia EHUn ekitaldia promozionatzeko. Mugimendua, kolorea, paralelismo eta beste zenbait ilusio optiko erabiliz, herritarrak zientziara hurbilaraztea zen helburua, modu interaktibo batez gure burmuinak nola funtzionatu eta engainatu gaitzakeenaz jakin-mina sortzea.

  Leire Fernandez oñatiarrak eta bere taldeak begi-komunikazioa eta inguru marketing-ean oinarritzen diren LETRA sarietara aurkeztu zuen lana, eta epaimahaiak Urrezko Letra 2019 saria ematea erabaki du. Saria eskuratu duen Letraz taldeak, urteak daramatza Arantzazun kaligrafia jardunaldiak antolatzen. Taldearen izena ere jarduera horretatik hartu zuen.

  Letra sariak 2000. urtean sortu ziren diseinatzaile, publizitate agentzia, errotulatzaile edota begi komunikazio arloko ekoizle eta profesionalen lana aldarrikatu eta ezagutzera emateko asmoz. Letraz diseinu taldearen lanarekin batera, Bizkaiko aldundiarentzat egindako beste bi marketing kanpainek jasoko dute Letra saria: MTvEMAs musika sarien harira Bilboko metroan egin zen metro con cascos izeneko kanpainak eta birziklapenaren aldeko contenedores coleccionables estrukturak. Biak DT Creativos enpresaren lanak izan ziren.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!