Lehentasunezko ebakuntzak programatzen hasi dira Debagoienako ospitalean

2020/04/30
Card image cap
Ohiko osasun jarduna berreskuratzeko urratsak ematen ari dira eskualdeko ospitale eta anbulatoriotan

  Debagoieneko ospitalean ez da Covid-19az kutsatutako gaixorik gaur egun. Koronabirusik gabeko ospitalea da. Horrek, lehentasunezko ebakuntzak egiten hasteko aukera eman du eta halakoak programatzen hasi dira astean. Ebakuntzetara deitzen zaien gaixoei PCR proba egiten zaie aurretik.

  Arrasateko ospitaleko ohiko artatze eta osasun jarduna berreskuratzeko urratsak ematen ari dira, poliki-poliki. Pandemiak eraginda analitikak egiteko hitzorduak atzeratu dira eta hainbat gaixo itxaron zerrendan daude. Horiek egunean jartzen joateko, analitiken ordutegia zabaldu egingo da, datorren astean. Era berean, lehentasunezko gaixoei kardiologia, endoskopia eta erradiologia nahiz erresonantzia probak egiten hasiko dira, espezialitateetako kanpo kontsultak normalizatzeko aurre-pauso moduan. 

  Ospitaleko eta eskualdeko osasun zentroetako ohiko osasun jarduna berreskuratzeko ahaleginean ari da Debagoieneko ESIa. Anbulatorioetan aurrez aurreko artatze kontsultak ugaltzeko aukera baloratzen hasiko dira datozen asteotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!