Lehendakaria eta Osasun Sailburua Arrasateko ospitalean egon dira gaur goizean

2016/07/15
Card image cap
Joint Commission-en egiaztagiria eskuratu duten Debagoieneko ospitalea eta Oñatiko Osasun zentroko ordezkariak zoriondu dituzte

  Apirilean eskuratu zuen Oñatiko osasun zentroak aipatu egiaztagiri ospetsua eta orduan jada, iragarri zen Debagoienako ESIa osatzen duten ospitaleak eta gainontzeko osasun etxeek egiaztatze prozesua burutuko zutela udazkenera bitartean. Horretan lehena, Arrasateko ospitalea izan da eta Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan izan da gaur, langileen kolektibo osoa pertsonalki zoriontzen eta egunero egiten duten ahalegin eta lana eskertzen.

  Lehendakariarekin batera, Osasun Sailburu Jon Darpon eta  Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria ere Arrasaten izan dira. Guztiek, pazientearen segurtasuna eta prozesu klinikoetako arriskuen murrizketa egiaztatzen dituen nazioarte-mailako agiria lortzeko burutu den prozesuaren berri zuzena jaso dute. Gogoratu behar dugu Debagoienako ESIa dela, osasun egiaztapenetan erreferentziazkoa den Joint Commissionek ematen dituen egiaztagiriak eskuratzeko prozesuetan murgildu den Euskadiko lehen osasun erakundea.

  Debagoiena Erakunde Sanitario Integratua osatzen duten profesional guztien inplikazioa bereziki azpimarratu du Urkullu Lehendakariak, Euskal Osasun Sistema Publikoaren kalitate zein segurtasun maila altua aitortzen duen nazioarteko agiri hauek lortzeko giltzarria izan direla gaineratuz. Eta Debagoienean abiatu den ekimen hau Osakidetzako sare osora hedatzeko asmoa dagoela aurreratu du.

  Joint Commission-en egiaztapenak, paziente edo gaixoak jartzen ditu erdigunean eta oinarrizko hiru zutabe dauzka: arretaren kalitatea hobetzea, pazientea ardatz nagusitzat hartuta; pazientearen segurtasunean oinarritzen diren edukiak eta prozesu klinikoen arriskuak murriztea. Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, kalitatea, segurtasunean eta arreta prozesuen eraginkortasunean datzala gogoratu da gaur Arrasaten. Horren haritik, 2013-2016 aldian Pazientearen Segurtasunerako Estrategiei lotutako hainbat proiektu garatu dira Osakidetzan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!