Oñatiko udala

Lehen auzo jaiak ospatzeko baimen eskaerak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/04/12
Card image cap
Herriko ikastetxe eta guraso elkarteei eman ohi zaizkien diru laguntzak ere aztergai izango dira

  Olabarrietako jaiak izango dira gurean ospatuko diren lehen auzo-jaiak, apirilaren 27tik maiatzaren 1era. Horretarako baimena gaurko bileran aztertuko dute gobernu taldeko kideek. Baina ez hori bakarrik, maiatzaren 12 eta 13an Murgiako jaiak ospatzeko eta maiatzaren 26 eta 27an Araotzekoak ospatzeko baimen eskaerak ere gaurko lan zerrendan jaso baitira.

  Beste ospakizun batzuetarako baimena ere aztertuko da arratsaldeko bileran, Elkar Hezi Egunaren inguruko eskaera egin baita ikastetxetik. Ikastetxeak aipatuta, herriko eskola eta bertan diharduten guraso elkarteei 2017-2018 ikasturterako udalak emango dizkien diru laguntzak ere onartuko dira. Diru laguntza eskaera aurkezterakoan kurtsorako dituzten asmoak azaldu behar izan zituzten ikastetxe eta guraso elkarteek eta horiek baloratuta ematen dira diru laguntzak. Proposamena gaur onartuko da eta lehen zatia ordaintzeko agindua ere emango da. Iraila amaitu aurretik berriz, ikastetxe eta guraso elkarteek bete duten ekintza-memoria aurkeztu beharko dute diru laguntzaren azken zatia jaso ahal izateko.

  Kirolak batzordearen eskutik, bestalde, Zubikoako instalazioak hobetu eta hornitzeko hainbat inbertsio egitea proposatuko da, fitness gelarako areto bizikletak eta eliptikak erostea eta rokodromoan koltxoneta-zolua jartzea. 

  Aste Santuko etenaren ondorengo lehenengo Tokiko Gobernu Batzarrerako 23 gaiko lan zerrenda osatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!