Oñatiko udala

Legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura eta Tokiko Gobernu Batzarra egingo dira gaur arratsaldean

2015/05/21
Card image cap
Osoko Bilkurarako, tramitezko gaiak jaso dira lan zerrendan.

  Galde erreguen atalean mahai gaineratu daitezkeen kontuak alde batera utzita, lau dira, lan zerrendan jaso diren gaiak. Horietako bat, alkate dekretu baten berri ematea da, beraz, eztabaidarako biderik ematen ez duena. Diruzain eta kontabilitate teknikariaren lanpostua betetzea eta horren ondorioz, egingo diren behin behineko izendapenen berri emango da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Langile baten erretiroak, udaleko diruzaintza departamentua berrantolatzea ekarri du. Aipatu alkate dekretuaren berri emateaz gain, Udalbatzaren onespena behar duten tramitezko beste hiru gai azalduko dira: Vodafone España enpresaren eskaera, Udala eta Goiena taldearen arteko 2015. ekitaldirako hitzarmena eta Oñatiko bide nagusien inbentarioa behin-betiko onartzea.

  Legealdiko azken ohiko Osoko Bilkura izango da, ondoren, eta hauteskundeak eginda Udalbatza berria eratzeko puntuan dagoenean, gaurko bileraren akta onartzeko Osoko Bilkura Berezia egin beharko baita. Baina hori ere tramitea da, Udalbatza zaharrak berriari lekukoa eman aurretik, agiri guztiak eta hartutako erabaki guztiak berresteko.

  Gaurko Osoko Bilkurak izango du beste berezitasunik. Normalean Udalbatzaren bilkurak arratsaldeko 19.30tan hasten diren arren, gaurkoa, 19.00etan hasiko baita.

  Osoko Bilkuraren aurretik, udal gobernu taldeak ere legealdiko azken ohiko bilkura egingo du arratsaldeko 18.00tan eta bertan, San Lorentzo auzoan irisgarritasuneko obrekin jarraituz, 7. areari dagokion proiektua eta lizitazioa hasteko baldintza zerrenda onartzea, gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza edota Korpus jaien egitaraua aztertuko dira, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!